Udalak Oztaran-Arranbide auzoetako Plan Zuzentzailea egingo du

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 9a, 17:18

Udal ordezkariak Oztaran-Arranbide auzoko San Francisco kalean.

Lasarte-Oriako Udalak Hiritik At enpresarekin batera egingo duen Oztaran-Arranbide auzoetako plan zuzentzailea aurkeztu du. Agustin Valdivia alkateak eta herritarren partaidetzarako zinegotzi Nagore Duranek eskaini dituzte proiektuaren nondik norakoak

Hiritik At enpresak herritarren laguntzarekin batera gauzatuko duen ekimenak 48.684 euroko aurrekontua du.

Valdivia alkateak azaldu duenez, "Udalerria aztertuz eta Basaundiko auzoan egindako esku-hartzea ikusirik, orain Oztaran-Arranbideren txanda dela ikusi dugu".

Auzoa 60ko zein 70ko hamarkadan garatu zen eta alkateak aurkezpenean zehaztu modura, "ez ditu  XXI. mendeari dagozkion hirigintza garapenari eskatzen zaizkion baldintzak betetzen. Hala nola, irisgarritasun falta dago, espazio publiko berriak sortu behar dira eta etxebizitzen energia plana ere hobetu behar da".

Nahiz eta 2000 urtean hirigintza esku-hartze batzuk egin diren –"auzoa aldapatsua da eta eskailera mekanikoak jarri ziren herritarrek igo ahal izateko"–, auzoak birgaitze prozesu bat behar du Udalaren ustetan eta Oztaran-Arranbide auzoetako plan zuzentzailea egitea erabaki du.

Zehazki honako puntuak landuko dira planean: Lasarte-Oria herriarekin irisgarritasuna eta konektagarritasuna; etxebizitzen arteko harremana eta espazio publikoa; eremu libreak handitu eta daudenak hobetzea; kotxeentzako aparkalekua sortzeko proposamena; genero ikuspegitik auzoko puntu beltzak kentzea; etxebizitzen birgaitzea, irisgarritasuna eta energia-efizientzia hobetzea eta etxebizitzetako teilatuak baliatuz energia komunitateak egitea.

Ez dokumentu arautzailea

Alkateak azaldu duenez, plan zuzentzaileak jarraibideak bakarrik zehaztuko ditu, "ez da dokumentu arautzailea izango. Aurrera eraman daitezken  esku-hartzeen gidalerroak azalduko ditu. Gerora, horietako batzuk Udala edo dagokion erakundeak gauzatu beharko ditu; besteak, berriz, etxebizitzetako bizilagunek. Nahi edo ahal izanez gero".

Valdiviak nabarmendu duenez, birgaitzea ez da orain egingo plana prest izan nahi du udalak Europa edo Eusko Jaurlaritzatik auzo zein etxebizitzen irisgarritasuna hobetzeko funtsak eskaintzen badituzte.

Auzotarren laguntza

Prozesuak hiru fase izango ditu eta auzotarren parte-hartzea "funtsezkoa" izango da auzoko egoera ezagutu eta euren proposamenak egiteko.

Lehen fasean, auzoaren gizarte eta hirigintza diagnostikoa egiteaz gain, auzoko hirigintza, arkitektura, ekonomia zein gizarte degradazioa neurtuko dituzte. Beraz, Hiritik At enpresako kideak auzotarrekin batuko dira prozesuari buruz jakinarazteko eta auzoko gabeziak zehaztuko dituzte. 

Bigarren fasean, herritarren auzoko ikuspegia, iritzia eta proposamenak biltzeko bilerak eta inkestak egingo dituzte.

Azkenik, guztia kontuan izanik Plan zuzentzailearen azken dokumentua idatziko du enpresak eta gidalerroak herritarrei aurkezteko bi saio egingo dira bata euskaraz, bestea gaztelaniaz.

Oraindik prozesuaren hasiera  zein bilera datak zehazteke daudela azpimarratu du Nagore Duran partaidetzarako zinegotziak, "enpresarekin bildu behar gara datak finkatzeko". Hala ere, ekaina baino lehen egitasmoarekin hasteko asmoa agertu du alkateak.