Seme-alaben emozioek egunerokoan duten garrantziaz arituko dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 9a, 16:00

Treba Gurasoak egitasmoan parte hartzen ari diren gurasoek bigarren saioa izango dute datorren asteartean, hilak 15. Seme-alaben emozioek eguneroko bizitzan duten garrantziaz arituko dira, Donna Apellanizekin. Oriarte institutuan izango da hitzorduan, 18:00etan

Herriko ikastetxeetako hiru guraso elkartek parte hartzen dute Treba Gurasoak egitasmoan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena da, Lasarte-Oriako Udalarekin lankidetzan eramaten dute aurrera, eta gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. 

Gurasotasuna gauzatzeko modua nabarmen aldatu da. Familia-forma ezberdinak, genero-rolen aldaketak, kultura-aniztasuna eragin du horretan eta horrek, seme-alaben aldetik obedientzia eta diziplina lortzen oinarrituta zegoen guraso-autoritatearen ordez, konplexuagoa den eta lan gehiago eskatzen duen kontzeptu bat gailentzen ari da: gurasotasun arduratsuaren edo gurasoen erantzukizunaren kontzeptua, hain zuzen ere. Horren arabera, gakoa jada ez da gurasoek seme-alaben obedientzia lortzeko autoritateaz baliatzea, aginte hori arduraz erabiltzea baizik. Hau da, seme-alaben eskubideak zaindu daitezen erantzukizunez jokatzea, betiere gurasoenak kaltetu gabe. Horrek barnean hartzen ditu haurrak eta nerabeak beren sozializazio-prozesuan parte hartzera bultzatzea, euren gaitasun kritikoak sustatzea eta, aldi beream, pixkanaka, euren autonomia eta herritartasun aktiboa sustatzea. Gauzak horrela gurasotasun positiboaren ikuspegiak lagundu diezaieke gurasoei euren seme-alaben heziketako eta hezierako jardunean.

Seme-alaben eguneroko emozioak hizketagai

Programan parte hartzen ari diren gurasoek bigarren saioa izango dute datorren asteartean, hilak 15. Oriarte institutuan izango da hitzorduan, 18:00etan. Seme-alaben emozioek eguneroko bizitzan duten garrantziaz arituko dira, Donna Apellaniz hizlariarekin. Hitzaldiaren helburu nagusia zehaztu dute; emozioek seme-alaben egunerokoan duten garrantzia azpimarratu eta horiek kudeatzeko eta zaintzeko lehen urratsak azaltzea.