Partida hasi laugarren minutura arte ez zen saskiratzerik izan. Aurkariak pertsonaleko lerrotik egin zuen lehena. Ostean, Ostadarrek bi puntukoa egin eta partidaren erritmoa aldatu zuen. Laurdena 8-5 amaitu zen.
Bigarren eta hirugarren laurdenetan neurketa berdindua izan zen (2-2 eta 6-6). Partida irekia zegoen, edonor izan zitekeen garaile; atsedenaldira hiru puntuko aldearekin iritsi zen (16-13).
Bigarren zatian, ordea, Iraurgiko jokalariak indartsu atera ziren. Presio ezarri zuten zelai osoan eta erasoan saskiratzeak lortu zituzten. Ondorioz, laugarren eta bosgarren laurdena irabazi zituzten eta Ostadarren aurkako bederatziko puntuko aldea zegoen markagailuan.
Azken zazpi minutuetan, berriz, talde urdin-beltzeko jokalariek aldea iraultzea lortu zuten. Jaurtiketa libreetan hutsik ez zuten egin eta amaitzeko minutu bat falta zenean berdinketa lortu zuten, 33-33. Ostean, biko jaurtiketa eta jaurtiketa libre batek aurretik jarri zuen etxeko taldea. Azken segundoan hirukoa sartzen saiatu arren, Iraurgik ez zuen baloia sarean sartzerik izan eta Ostadarrek lortu zuen garaipena.
Maddi Rudi eta Ainhoa Iturriza prestatzaileak pozarren daude taldeak egindako neurketarekin. "Partida oso polita izan da. Atsedenaldira hiru puntuko aldearekin iritsi gara. Azken laurdena bederatzi puntu behera hasi dugun arren, gai izan gara partidari buelta emateko. Asko pozten gara taldeak neurketan egin duen lanarekin. Orokorrean, jokalariek egin duten denboraldiarekin kontentu gaude".