Jardunaldi honetan proba desberdinak izan zituzten igrilariek adinaren arabera.
Lehena 1.500 m. libre proba izan zen eta igeriketa taldeko Oihan Matutek, Mario Amantegik, Ibon Elolak eta Iñaki Garciak parte hartu zuten.
Lehen aldia zen distantzia horri aurre egiten ziotela. "Urduri bazeuden ere, laurak bikain aritu zirela esan beharra daukagu", onartu dute Buruntzaldea IKTko prestatzaileek.
Lau igerilari horiek 200 m. bular proban ere lehiatu ziren eta horretan ere "gogotsu" egin zuten igeri; laurak lehen postuetan sailkatu ziren.
200 m. tximeleta proba zailari egin behar izan zioten aurre, berriz, 2010 urteko Nora Miguelez, Amaiur Iparragirre, Saray Lobato eta Nora Atxaga igerilariek.
"Teknikoki oso zorrotza da proba hau, eta momentu oro mugimendu egokiak mantentzera behartzen zaituen estiloa da. Zentzu horretan bikain aritu ziren laurak," adierazi dute taldeko prestatzaileek.
Gainerako probatan Ane Meyer, Lucia Rey, Laida Guerrero, Kimetz de la Cruz eta Asier Barcena aritu ziren eta guztiek aurrez zituzten markak ondu zituzten.
Sailkatuak
Alebinek Gipuzkoako txapelketari aurre egiteko bi jardunaldi falta dituzte eta dagoeneko igeriketa taldeko sei kidek –Hodei Barcina, Ohian Matute, Mario Amantegi, Ibon Elola, Iñaki Garcia eta Amaiur Iparragirre– lortu dute sailkatzea. Horietatik, Iñaki Garciak 100 m. eta 200 m. bizkar probako Euskal Herriko txapelketarako gutxienekoak ditu.
Azken bi jardunaldiak marka gehiago lortzeko baliatuko dituztela uste dute Buruntzaldea IKTko prestatzaileek.