Laugarren jardunaldian atzeratutako neurketa izan zen asteburuko lehena eta Aldapeta Maria B taldearen aurka garaipena erdietsi zuen Ostadarrek (3-1).
Asier Acuriola entrenatzaileak azaldu duenez, nahiz eta aurkariak bigarren seta irabazi, partida erraza izan zen. "Neurketa erosoa izan zen; aurkariak ez zigun gogor aurre egin eta ez genuen sekulako partida egin. Baina joko eraginkorrari esker, nagusi izan ginen".
Gainera aldaketak egin eta ohikoak ez diren jokalariei jokatzeko aukera eman ziela ere nabarmendu du.
Garaipenak ihes
Hilaren 6an, berriz, Donostiako ikastetxeko A taldearen aurka neurtu zituzten indarrak, Maialen Chourraut kiroldegian.
Aldapeta Maria A taldea sailkapeneko buru da eta ez du jardunaldirik galdu. Beraz, partida lehiatu espero zuen Acuriolaren taldeak eta horrela izan zen.
Ostadar markagailuan aurre hartu zuen, baina aurkariaren defentsa lanak partida bitan berdintzera eraman zuen (25-12, 23-25, 25-21 eta 23-25). Bosgarren setan erabaki behar izan zen neurketa eta azkenean, 10-15eko markagailuarekin Donostiako taldeak eraman zuen saria.
Ostadarren prestatzaileak garaipena azken setean ihes egin izana pena bat bat dela dio, baina taldeak egindako lana ere goraipatu du: "Partida ederra egin genuen eta garaipena gertu izan zen. Gainera, nabarmentzekoa da aurkariak baino puntu gehiago egin genituela".
Gainera, Aldapeta Maria Aren aurka egindako lana taldea ongi trebatzen ari denaren seinaletzat du eta horregatik pozarren dago: "Kadete mailako jokalariak dira gehienak, pare bat jubenil ditugu bakarrik eta aurten hasi dira jokatzen eta lehiatzen. Partida honetan taldea hazten ari dela eta esperientzia handiagoa duten aurkariei aurre egiteko gai dela erakutsi du".