Kanpoan gertatzen dena ahazteko musika

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 5a, 21:50

Idoia Asurmendi musikaria arabarrak bere lehen lanaren kantak eta zenbait bertsio eskaini ditu ditu X. Musika Astearen barruan egin duen zuzenekoan. 

Lehen abestia bukatu, argiak piztu eta pianoko aulkian eserita agurtu ditu Idoia Asurmendik kultur etxeko auditoria bete duten lasarteoriatarrak. Herrian jotzen duen lehen aldia da eta ordubetez, "hor kanpoan gertatzen dena ahaztea" proposatu die bertaratutakoei. Horretan laguntzeko Ilun eta abar diskoko abestiak josi ditu, besteak beste, Silvio Rodriguezen Ojalá edo Silvia Pérez Cruzen Verde kanten bertsioarekin. 

Euskaraz eta gaztelaniaz; pianoa jotzen eta gitarrarekin. Batean eta bestean ederki moldatzen dela erakutsi du arabarrak. Bost musikari lagun izan ditu eszenarioan, zenbait unetan bakarrarekin aritu bada ere. Apaingarri gutxi eta argiztapen oso zainduak ukitu berezia eman dio abesti bakoitzari. 

Jarraitzailerik ez zaio falta izan Asurmendiri, gainera. Abesti guztiak kantatu eta baita dantzatu ere egin baitu gazte talde batek. Ahizpetako bat bertan bazen ere, ez da ausartu Idoiarekin batera Mundo al réves abestera, nahiz eta biek hirugarren ahizparekin batera idatzi zuten.