Minbizia duten edo izan duten pertsonentzako doako ipar martxa ikastaroak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 4a, 14:30

Izan Iñurri egitasmoak eta Ostadar Ipar Martxa taldeak minbizia duten edo igaro duten pertsonei zuzendutako doako ipar martxa saioak eskainiko ditu martxoan. Kirol jarduera honek hainbat onura fisiko ditu gaixotasuna duten pertsonentzako. Horregatik bi elkarteek gonbita egiten diete herritarrei saioetan parte hartzeko

Hainbat ikerketek bularreko minbiziaren ondorioz linfedema bat garatzen duten emakumeentzat ibiltzea ariketa onuragarria dela diote. Ostadar Ipar Martxako kideek gaineratu dutenez, "askoz ere eraginkorragoa eta aktiboagoa da ipar martxa praktikatzen bada".

Eta gaineratu dute, "makilak erabiltzen ikastea eta eskua askatuz eta besaurreko giharrak uzkurtuz estutzeko eta erlaxatzeko teknika egokia erabiltzea oso positiboa da pertsona ororentzat, are gehiago linfedema duten pazienteentzat. Ipar martxak onura asko ditu minbiziaren prozesua bizitzen ari direnengan, bai fisikoak, baita psikologikoak ere.".

Onura fisikoak honakoak dira:

– Makilak erabiltzeak egonkortasuna ematen duenez, ibiltzeko makila behar duten pertsonek errazago eta erortzeko beldur gutxiago dute.

– Makilak erabiliz sorbaldako artikulazioko tentsioa murrizten da.

– Giharren aktibazioa eragiten du.

– Besaurreko muskuluak kontrakzio-erlaxazioa ekintzaren eraginez, linfa besotik ateratzen laguntzen du.

– Ipar martxako mugimenduek zirujiak edo/eta erradiazioak eragindako orbainen ondorioz larruazalaren elastikotasuna berreskuratzen laguntzen dute.

Izena emateko 658 52 50 58 (Izan Iñurri) edo 943- 36 04 33 (Ostadar SKT) telefono zenbakietara deitu behar da. Ostadar Ipar Martxako kideak interesa dutenekin harremanetan jarriko dira eta ikastaroko egunak zehaztuko dituzte.