Taula Xake Klubeko kideek azaldu digutenez, "duela 20-25 urte lokal honetan bertan jokatzen genuen. Orduan ikasketak dela, semeak direla, kluba itxi zen".
Baina orain dela gutxi, kideetako batek berriro lokala eskatu, eta xake taldea martxan jartzeko proposamena egin zien beste kide batzuei, eta asko pentsatu gabe taldetxo batek aurrera egin du, Taula Xake Kluba ireki arte: "Pixkanaka, pausoak ematen joan gara. Lokala eskatu dugu, kluba legalizatu eta federatu… Zerbait serioagoa egin dugu".
Orain, euren zaletasunaz gozatzeko lekua dute. Danok Kidek euren lokaletako bat utzi dio taldeari, eta horregatik, esker hitzak besterik ez dituzte xake klubeko kideek.
"Oraingoz, lau mahai ditugu xakean jokatzeko. Taldeko lehiaketetan, talde bakoitzean lau pertsonek jokatzen dute, eta horregatik dago horrela. Hala ere, espazioa ongi aprobetxatu behar dugu beste ekimenik, antolatu nahi badugu behintzat", jakitera eman dute.
Adin ezberdinetarako formazio jarduerak, herri mailako txapelketa, San Pedro Jaietan erakustaldia… ideia asko dituzte eta pixkanaka antolatuko dituztela adierazi dute. "Esate baterako, haurrei ikastaroak eman ahal izateko, begirale titulua ateratzeko trebakuntza jasotzeko izapideak egiten ari gara", nabarmendu dute.
Lehian
Entrenatu, maila ondu, trebatu... Horiek dira kideen helburuak. Batzuek txapelketak ere dituzte buruan. Hori dela eta, lehiaketa federatuetan jokatzen ari dira taldeko kideak. "Abenduan, elkartea sortzen ari ginela, Gipuzkoako banakako txapelketan parte hartu genuen. Orain taldekakoan ari gara. 3. mailan hasi gara", aipatu dute.
Banakako txapelketa ez da eurek espero bezala joan. "Adin bat dugu, eta neuronen elastikotasuna ez da 20 urtetako gazte batena. Gazte jende asko dago lehiaketan eta ondo trebatua", azaldu dute.
Taldekakoan, berriz, bigarren postuan daude lehen sailkatutik puntu batera. Aste honetako jardunaldian, Eibar izango dute aurkari.
Kide berriak
Ez dira kide asko, eta taldea handitzeko ahaleginetan dabiltzala onartu dute. Horretarako, sare sozialetan talderen berri emango duten kontuak ireki dituzte. Horien bitartez, pixkanaka, xakearen zaletuak eta herritarrak taldera hurbiltzea espero dute.
Adin guztietako herritarrentzat ateak irekita dituztela argi utzi dute: "Xakea edozein adinetan joka daiteke. Xakea osasuntsua eta terapeutikoa da. Adinduentzat zein Alzheimerra edo narriatze kognitiboa duten pertsonentzako ona dela diote ikerketa ugarik".
Haur eta gazteentzako ere elkargune izan nahiko lukete: "Formatzeko, entrenatzeko eta eta xakean jokatu ahal izateko gunea eskaini nahi diegu. 12 urtez azpikoen kasuan, nahiz eta ezin lehiatu, Eskola Kirolaren barruan euren ikastoletan ez bada xakerik egiten, hemen euren lekua izan dezakete".
Eta, batez ere, emakumeei egin nahi diete deia. "Oraintxe bertan, ez dugu emakumerik taldean. Nabarmendu nahiko genuke xakea mistoa dela. Ez dago abantaila fisikorik edo indar gehiago edo gutxiagoko pertsonarik. Guztiak berdinak gara".
Horregatik, Taula Xake Klubeko kideek herritarrei gonbita egiten diete, ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara Blas de Lezoko lokalera hurbildu eta xakea probatzera. "Xake piezak mugitzea bakarrik dela dirudi, baina behin jokatuta jakin-mina sortzen du", adierazi dute.