EDUKI BABESTUA

Bezero eta herritarrekin, festa giroan ospatuko dute 40. urteurrena

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 4a, 10:00

'40 urte gogo betez'. Lelo hori aukeratu dute Avenida tabernako kideek 40. urteurrena iragarri eta ospatzeko. Ezin zuten hoberik topatu; hala tratatzen baitituzte bezeroak egunero-egunero, gogo betez eta irribarrez.

1982. urtean zabaldu zituen, lehen aldiz, ateak aipatu tabernak. Rosa Ventosok eta Juan Rodriguezek kudeatzen zuten orduan negozioa, eta urte mordoa bertan lanean aritu ostean, haien seme Yon Mikel Rodriguezek hartu zuen ardura 2012az geroztik. Izaten du, halere, gurasoen laguntza, tarteka; haiek ditu maisu oraindik ere.

Izango ditu Rondiguez-Ventoso sendiak gogoan urte guzti horietan bezero eta herritarrekin bizitakoak, eta ekarriko dituzte gogora, ziur, larunbat honetan. Urtemuga ospatzeko egitarau ederra prestatu dute; eguerditik aurrera izango da festa. Photocallean argazkiak ateratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta bermuta edatekoa ere bai. Horrekin batera, urdaiazpiko ebakitzailea egongo dela iragarri dute, hortaz, mokadu ederrak dastatzeko parada izango dute bezeroek. Hori gutxi balitz, musika zuzenean jarriko duen DJ bat ere izango da, badaezpada, dantzarako gogoz dagoenak gorputza astintzeko aitzakiarik izan dezan. Paella ere prestatuko dutela jakinarazi dute, hortaz, sabela bete edari eta janari behintzat irtengo dira tabernatik herritarrak. Giro ederra izango da ziur, hori egunerokoa baita, baina, are gehiago izango da larunbatean.

Bezero eta herritarrak gonbidatu dituzte tabernara bertaratu eta festaz gozatzera.