Partida gogorra izan zen, puntu gutxikoa eta azken minutura arte borrokatu behar izan zuten bi taldeek. Alabaina, gasteiztarrek euren aukerak ongi baliatuz garaipena lortu zuten bi punturengatik, 23-21.
Bi taldeak gogotsu atera ziren zelaira eta baloiaren jabetza borrokatu zuten.
Hogeigarren minutura arte, ez zen markagailuan aldaketarik izan. Orduan, Vithas Gaztedi etxeko taldeak entsegua eta gauzatzea lortu zituen.
Zarauzko taldea saiatu arren, ez zuen entsegu marrara gerturatzerik izan.
Gasteiztarrek, berriz, bi zigor-ostiko gauzatu zituzten markagailuan ihes egiteko, 13-0.
Atsedenaldira iritsi baino lehen, ordea, Zarauzko jokalariek aldeko bi zigor-ostiko sartu eta 13-6 gerturatu ziren.
Bigarren zatia indartsu hasi zuen Gesalaga Okelan Zarautz taldeak eta berdinketa lortu zuen entsegu eta gauzatze bati esker.
Behin markagailua parekatuta, bi taldeak gogor saiatu ziren metroak irabazi eta entsegua egiteko. Zoritxarrez Vithas Gaztedik bi minututan partida irauli zuen. Bi entsegu jarraian egin eta hamar puntuko aldea lortu zuen.
Zarauzko jokalariek, ordea, ez zuten amore emango eta euren indar eta kemenez, zigor-ostiko eta entsegua egin zuten markagailuan gerturatzeko. Azken minutura arte, borrokan egon ziren arren, ez zuten gailentzerik izan.
Lesioa
Aurreko jardunaldian Gabriel Gavilan herritarrak Gesalaga Okelan Zarautz taldea debuta egin; oraingoan hamabostekoan izan zen eta berarekin batera zelaira atera zen Xabier Rekondo herritarra ere. Tamalez Gavilanek ez zuen partida amaitu; hatz batean min hartu zuen.
Asteburu honetan Uribealdiaren aurka neurtuko dituzte indarrak.