Sergio Ordoñez 'Patxuko': "Larunbatean herrira etortzeko irrikaz gaude"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko mar. 3a, 10:36

Jalgi kafe antzokiak urteko lehen kontzertua antolatu du: Patxuko Nice taldea igoko da oholtza gainera hilaren 5ean, 22:30ean, pandemia lehertu aurretik argitaratu zuen diskoa aurkezteko, Quim-en marrazkia. Horrez gain, 2012tik hona argitaratu dituzten gainerako lanetako zenbait pieza ere partekatuko dituzte ikus-entzuleekin, taldeko abeslari eta egitasmoaren sortzailetako bat den Sergio Ordoñez Patxuko-k TXINTXARRI-ri kontatu dionez.

Gutxi falta da kontzerturako. Jalgira etortzeko gogotsu? 

Bai, oso. Lasarte-Orian joko dugun aurreneko aldia izango da. Lagun pila bat etorriko dira eta ilusionatuta gaude. Bi urte inguru daramatzagu apenas jo gabe; hau izango da Gipuzkoako lehen kontzertua. 2020an lotuta genuen emanaldi bat Jalgin bertan, Quim-en marrazkia lan argitaratu berria aurkezteko, baina pandemiak ez zigun utzi. 

"Lasarte-Orian joko dugun aurreneko aldia izango da. Lagun pila bat etorriko dira eta ilusionatuta gaude"

Aipatu duzu pandemia hasi zenetik apenas jo duzuela. Orain hasi zarete martxa hartzen berriro? 

Gure azken lana 2020ko martxoaren 10ean aurkeztu genuen, bira lotuta geneukan, baina 13an konfinatu egin gintuzten. Beraz, duela bi urte kaleratu genuen lana, baina orain ari gara eszenatoki gainean aurkezten; atera kontuak. Getxon jo genuen duela bi hilabete, Katalunian ere aritu gara berriki, eta orain, Lasarte-Oriara gatoz. Orain hasi gara koronabirusa iritsi aurreko martxa berreskuratzen, pixkanaka-pixkanaka. Gure disko berrieneko piezak joko ditugu, eta zaharragoak diren beste batzuk ere bai. Emozionatuta nago.

Bi urte eta gero, erdi ahaztuak izango zenituzten sentipenak ariko zarete bizitzen orain, ezta?

Egia esan, pandemia etorri zenean kolpea eman zigun, ahalegin izugarria egin genuen Quim-en marrazkia sortzeko, disketxe batekin, sekulako promozio lana... Baina ezin izan genuen behar bezala aurkeztu: jendea gugandik gertu egotea gustatzen zaigu guri, eta orain arte ez da posible izan. Esne Beltza utzi eta proiektu honetan murgildu nintzen 2012an, eta hasierako urteetan lasaiago aritu ginen, urrats bat gehiago egin eta beste dimentsio bateko proiektu bat prestatzea erabaki genuen arte, baina koronabirusa etorri zen gero. Egia esan, animoz ez naiz nire onenean egon tarte honetan, badirudi orain ari naizela buelta ematen. Jalgin kontzertua emateko irrikaz dago taldea. 

Patxuko Nice jarraitzen duten zaleez gain, herritar bat baino gehiagok lehenengo aldiz ikusiko du taldea eszenatoki gainean. Zer nolako musika egiten duzue?

Normalean reggae, pop, ska eta antzekoak nahasten ditugu, estiloen mestizaje bat egiten dugu, nolabait esatearren. Erreferentzia asko 80. hamarkadatik hartzen ditugu, garai horretako musika asko entzuten baitugu, ez taldekideok bakarrik, gurekin teknikari aritzen den Pello Gorrotxategik ere bai, eta horrek eragina du sortzen ditugun abestietan.

"Erreferentzia asko 80. hamarkadatik hartzen ditugu, garai horretako musika asko entzuten baitugu"