Ostadar Atletismo saileko Naroa Furundarena aurten ere maila absolutuko Espainiako atleta onenen artean lehiatu da. 23 urtez azpiko lehiaketan egin modura, Lasarte-Oriako atleta Ourensen antolatu den maila absolutuko Espainiako txapelketan parte hartu du luzera-jauzi eta jauzi hirukoitzeko probetan. Eta azken proba horretako seigarren postua eskuan, era ezin hobean esan dio agur pista estaliko denboraldiari.
Hilaren 26an, luzera jauziko probari egin zion aurre Furundarenak. Hirugarren saiakeran egin zuen bere jauzirik hoberena, 5,73 metro; marka, ordea, ez zen zortziko finalerako txartela lortzeko baliagarri izan; hiru zentimetrorengatik kanpoan geratu zen. Beraz, bederatzigarren postuan amaitu zuen lehiaketa.
Ia 24 ordu igaro ostean, berriz, jauzi-hirukoitza bere proba dela argi utzi zuen herritarrak, baita presiopean ongi erantzuten duela ere.
Lehen jauzia ez zen baleko izan eta bigarrenean ez zen 12 metroetara iritsi. Alabaina, erabakigarria zen hirugarren jauzian zortziko finalerako sailkapena lortu zuen 12,47 metroko jauziarekin.
Hurrengo saiakeretan ez zuen marka hori gainditzerik izan, eta Furundarenaren atzetik sailkatu ziren aurkariek ere. Ondorioz, seigarren postua eskuratu zuen herritarrak.
Oscar Goikoetxea entrenatzaileak gogoratu duen moduan, "bere emaitzarik onena da Espainiako txapelketa absolutuan"; iaz bere lehen parte-hartzean zazpigarren postua eskuratu zuen.
Txapelketa honekin pista estaliko denboraldiari amaiera eman dio Ostadarreko atletak eta atletismo saileko prestatzaile Goikoetxeak denboraldiaren irakurketa positiboa egin du: "pozik gaude Naroak egindako lanarekin. Bere markak ondu ditu bai jauzi hirukoitzean, baita luzera-jauzian ere. Eta 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen".
Orain aire zabaleko denboraldia prestatzeko hilabete izango du herritarrak. Apirila hasieran, markak egiteko lehen proba libreak izango dira.
Hiru domina
Era berean, Adin Txikiko Euskadiko Txapelketa jokatu zen Donostiako Antonio Elortza belodromoan.
Ostadar taldeko bederatzi atleta gaztek parte hartu zuten. Horietatik seik finaletan egotea lortu zuten eta hiruk domina jantzi zuten.
16 urtez azpiko mailako podiumera igo ziren talde urdin-beltzeko atleta gazteak. Aitor Eizaguirrek (8,30 m.) eta Aiala Ramosek (8,58 m.) pisu jaurtiketako bigarren eta hirugarren postua eskuratu zituzten, hurrenez hurren. Eta Oinatz Almagrok brontzezko postuan amaitu zuen jauzi hirukoitzeko lehia (10,81 m.).
Alex Alkain, berriz, 18 urtez azpiko mailako 60 metro lasterketako finalera sailkatu zen, 7.40 markari esker. Tamalez, irteera baliogabe bat egin eta kaleratua izan zen. Ondorioz, zortzigarren postuarekin konformatu behar izan zen.
Eta 200 metroko sailkapen proban zein B finalean ere izan zen atleta gaztea. Ber markarik onena 24,06 izan zen.
Horiez gain, 20 urtez azpiko pisu jaurtiketa probako finaletan, Eneko Andonegi bosgarren izan zen (7,91 m.) eta Nahia Surutusa, seigarren (7,80 m.); 16 urtez azpiko proban, berriz, Nora Manzanalek zazpigarren postua eskuratu zuen (7 m.). Eta 60 metro lasterketako sailkapen probetan parte hartu zuten Iraia Alkortak (16 urtez azpiko maila) zein Unax Riezuk (18 urtez azpiko maila).
Bestalde, BAT taldeko kide Unax Goenaga herritarrak 20 urtez azpiko 1.500 m. lasterketan parte hartu zuen (4.27,56).