Abiatu da Trukelandiara bidaia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 2a, 10:45

Ttakun Kultur Elkartearen eta Lasarte-Oriako Udalaren Gurasolandia egitasmoan parte hartzen ari diren gurasoek saio berezi bat egingo dute hilabetean behin, Trukelandia izenekoa, ezagutzak partekatzeko. Jarduera hori zertan den ezagutu dute kultur etxean, Porrotx pailazoaren eskutik. Iaz parte hartu zuten zenbait gurasoren testigantzak ere entzun dituzte: izena "lehenbailehen" ematea gomendatu diete, bizipenak "oso aberasgarriak" direlako.

Trukelandiara bidaiatzeko trenak geldialdia egin zuen atzo Manuel Lekuona Kultur Etxean. Gidariak, Porrotxek, abentura hori zertan den azaldu zien aretora bertaratu ziren 60 familia ingururi, eta bagoira igotzera gonbidatu zituen, ortzadarra osatzen duten koloreak banan-banan erakutsita. 

Egitasmoaren izenak dioen moduan, esperientziak trukatzea da helburua, hilabetean behin, Gurasolandian parte hartzen ari diren familien artean. Horietako bakoitzak ezagutza bat partekatuko du besteekin, hala nola errezetak, abestiak, jolasak, ipuinak, eta abar. Iaz egin zuten ekimen hori aurrenekoz, eta bertan parte hartu zuten Sonia eta Leire igo ziren oholtza gainera, bizitakoa gogoratu eta aurtengo partaideei ezagutarazteko. Hauek izan ziren saioetan lantzeko eraman zituzten ideia batzuk: komuneko papereko tutuekin lore bat egitea, gero aiton-amonei oparitzeko; puzzle bateko piezekin bakoitzak istorio berri bat osatzea; magia trikimailu zoragarriak egin zituen mago bat gonbidatzea; eta malabarak egiteko bolak egitea. Bien lekukotzak entzun eta berehala, inbidia ederra sentitzen zuela onartu zuen Porrotxek, eta adierazi Pupu eta Lore animatuko zituela aurtengo Trukelandian parte hartzera.

Gurasoek ez ezik, haurrek ere parte hartu zuten atzoko aurkezpen saioan, eta gogotik dantzatu zuten Porrotxekin: Ran rober ran eta Epo i tai tai e abestiak oholtzaratu zituzten, besteak beste. Trukean, goxokiz betetako poltsa eta globo bana jaso zituzten. 

Euskararen transmisioa indartzea helburu

Urte batzuk daramatza martxan Gurasoleku egitasmoak. Xede nagusia da herriko haurrak elebidun oso bihurtzea, familietan euskararen transmisioa bultzatzearen bidez. Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Ttakun Kultur Elkarteak, eta herriko ikastetxeek zein euskaltegiek osatzen dute lan mahaia, eta proiektua koordinatzen dute. Adarretako bat da Gurasolandia, eta Trukelandia, bertan parte hartzen ari direnen arteko harremanak sendotzeko bide bat. 

Antolatzaileek gogoratu dute izena emateko epea irekita dagoela. Atzoko saioan izan zirenek eskuorri bana jaso zuten, baina badago beste modurik egitasmoarekin bat egiteko: WhatsApp mezu bat bidali beharko dute interesa dutenek, 695 78 53 89 zenbakira.