Martxoa, musikaren eta euskal dokumentalen hilabetea

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 1a

Idoia Asurmendi musikariak larunbat honetan joko du, kultur etxeko auditorioan, 20:00etan. X. Musika Astearen barruko kontzertua da.

Martxoko kultur agenda aurkeztu du Lasarte-Oriako Udalak. Egitarauaren barruan denetik topatuko dute herritarrek, tartean, X. Musika Astea eta Okendo Zinema Taldeak antolatutako euskal dokumentalen zikloa. Idoia Telleria Maritxalar argazkilariak emakumeen ahalduntze eta identitearen gainean landutako argazki eta bideo proiektu pertsonala aurkeztuko du gaur, Ni naiz, Idoia, 19:00etan, Antonio Mercero gunean.

HITZORDU GUZTIAK, GURE AGENDA ATALEAN IKUSGAI

Erakusketa horrek irekiko du martxoko kultur agenda oparoa; hilaren 18ra arte egongo da zabalik. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara bisita daiteke, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara zein 18:00etatik 20:00etara. Udalak Martxoaren 8aren barruan antolatu duen jardueretako bat izango da, eta ez bakarra, Bea Larrañaga umoristak The Show Must Go On bakarrizketa ekarriko baitu kultur etxeko auditoriora hilaren 11n, ostiralez, 19:30ean. Sarrerek 3 euro balio dute.

X. Musika Astea

Musika izango da martxoko lehen asteburuko protagonista nagusia, ezbairik gabe. Izan ere, X. Musika Astean murgilduko da Lasarte-Oria. Ostiraletik igandera, hiru emanaldi egingo dituzte kultur etxean, egun bakoitzean bana, 20:00etan: Sinfonica Turrillas, Idoia Asurmendi eta Iñaki Salvador&Loiola Garmendia artistak gonbidatu dituzte aurtengo aldira. Kontzertuetarako txartelek 14, 6 eta 6 euro balio dituzte, hurrenez hurren.

Hilabetero legez, Danok Kide elkartearekin elkarlanean, opera munduko klasiko bat proiektatuko du udalak. Oraingo honetan, Giuseppe Verdi konpositorearen La Traviata aukeratu dute. Sarrerek 7,5 eta 9 euro artean balio dute.

Euskal dokumentalen zikloa

Okendo Zinema Taldeak emanaldi sorta berezi bat prestatu du martxorako, euskal zinemagileei ikusgarritasuna emate aldera. Bost dokumental proiektatuko ditu: hilaren 17an, Bolante baten historia; 19an, Apaiz kartzela; 24an, Hijos de dios; 26an, Tipularen sehaska kanta; eta 27an, Aita Mari. Proiekzio horiek guztiak 20:30ean hasiko dira, eta sarrerek 6 euro balio dute. Horiez gain, ostiral honetan Ama filma ekarriko du, 20:30ean baita ere, 6 euroren truke. 

Martxoko zinema kartelera osatzen duten gainerako ikus-entzunezkoak hauek dira: Tximinoen izarra eta Petite Maman hilaren 13an, 17:00etan eta 19:30ean; Kikoriki dejavu eta Muerte en el Nilo hilaren 20an, 17:00etan eta 19:30ean; eta Buscando a la mágica Doremi hilaren 27an, 17:00etan. Horietatik hiru, 17:00etan hasten direnak, haurrentzat dira, eta 4 euro balio dute sarrerek; beste biak, aldiz, helduentzat, 19:30ean, 6 euroren truke.

Antzerkia eta dantza

Bi diziplina artistiko horiek ere badute tokia agendan. Hilaren 12an, 17:00etatik aurrera, Narziso antzeztuko du Borobil Teatroa konpainiak, 17:00etan hasita. Sarrerek 4 euro balio dute.

Azkenik, martxoko azken ostiralean, 20:30ean, Amaia Elizaran interpreteak Arima izeneko ikuskizuna taularatuko du kultur etxeko auditorioan. Sarrerek 5,50 euro balio dute.

EMANALDIEN ZERRENDA