Garaipena landua izan zen. "Beasainek, talde oso polita du eta gauzak oso zailak jarri zizkigun. Bagenekien partida lehiatua eta zaila izango zela, eta hala izan zen," azaldu du Andoni Alduncin Ostadarreko entrenatzaileak.
Lehenengo laurdena parekatua izan zen. Bi taldeek ongi baliatu zituzten aukerak, baina aurkariak hartu zuen aurre (10-14).
Bigarren laurdenean, talde urdin-beltzak laurden "oso serio eta on bat eginda" 23-12ko partziala egin eta norgehiagokari itzulia eman zion. Atsedenaldira, zazpi puntuko aldearekin iritsi zen etxeko taldea eta Aldunciren hitzetan, "nexkek garaipenean sinesten zuten".
Ostean, ordea, BKLkoek presioa egiteko modua aldatu zuten eta horrek min handia egin zion Ostadarri. Lau minututan 0-8ko partziala egin zuen Beasaingo taldeak eta aurreko laurdenean lortutako abantaila galdu zuen etxeko taldeak. Hala ere, 46nako berdinketarekin amaitzea lortu zuen Ostadarrek.
Beraz, talde urdin-beltzeko prestatzaileak adierazi moduan, azken laurdena " berdinduta eta asko jokoan" hasi zuten.
Orduan, Ostadarreko jokalariek guztia eman eta azken laurden paregabea egin zuten. Erasoan fin ibili ziren baina defentsan batez ere lan bikaina egin zuten. 18-6 partziala lortu zuten eta 64-52 irabazi zuten .
Junior Errendimendu taldeko arduradun Alduncin harro dago taldeaz eta jokalariek partida hainbesteko heldutasunarekin jolastu izanaz.
Hurrengo neurketa ere zaila izango da Ostadarrentzat. Sailkapenean lehen postuan den Goierri UZL Baleike izango da aurkaria. Partida gogorra aurreikusi arren, "dugun guztia emango dugu" aurreratu du talde urdin-beltzeko prestatzaileak.