Benjamin mailako igerilariak bi multzotan banaturik proba ezberdinak egin zituzten.
2012 eta 2013 urteko igerilari gazteek bular estiloko 50 metroko proba eta tximeleta erako 6x25 m. errelebo mistoan parte hartzeko aukera ere izan zuten.
Zaharrenek – 2011ko haurrek eta 2010 urteko mutilek –, 50 m. librea eta 100 m. edo 200 m. bular probak izan zituzten aukeran.
Buruntzaldea Igeriketa taldeko arduradunek azaldu modura estilo aldetik jardunaldi zaila izan zen igerilari gazteentzat: "ikasteko zailenak diren aldi bereko estiloetan egin behar izan zituzten probak, bular estiloan banakako probatan eta tximeletan erreleboan".
Jarrera eta garapena
Hala ere, prestatzaileek nabarmendu dutenez, igerilari txiki guztiak primeran ibili ziren: "Urduri egon ziren arren, guztiek jarrera bikaina erakutsi zuten jardunaldi osoan zehar, euren erronkei aurre eginez, ikasitakoa aplikatuz eta talde giro alaia mantenduz".
Adin horietan Buruntzaldeako kideentzat lehiaketa emaitzak baino gehiago arautegiaren inguruko ezagutza eta arauen betetzea zein igeri egiteko modu egokia dira garrantzia gehien duten arloak, horregatik gustura atera ziren prestatzaileak. Bigarren multzoko kideek segurtasun eta ezagutza handiagoarekin igeri egin zutela ere adierazi dute.