Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi oroitu dituzte, haien heriotzaren hemeretzigarren urteurrenean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 28a

Askatasuna parkeko oroitarrian egin diete herritarrek omenaldi xumea. Salbuespenezko dispertsioaren neurriak indarrean jarraitzen dutela salatzeko ere baliatu dute hitzordua

Hemeretzi urte bete dira gaur, Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi lasarteoriatarrak auto istripuan hil zirela. Almeriako espetxean preso zegoen Juankar Balerdi senidea bisitatzera zihoazela gertatu zen ezbeharra. Joxe Balerdi (presoaren aita) ere larriki zauritua gertatu zen. Lasarteoriatarrak gogora ekarri eta dispertsio politika salatzeko elkartu dira Askatasuna parkean eguerdian. 

EH Bilduko ordezkari Jon Martinek hartu du hitza eta adierazpena irakurri. Gogorarazi du, lasarteoriatarrekin batera, preso politikoak bisitatzera zihoazen beste hamalau senide eta lagunek ere bizia galdu dutela errepidean. Azpimarratu du salbuespenezko dispertsio neurriak indarrean jarraitzen duela oraindik ere: "Senide eta lagunek kilometro asko egin behar dituzte eta denbora luzea igaro behar dute errepidean preso politikoak bisitatu ahal izateko". Egoera horrek dakartzan ondorioak ere zerrendatu ditu: gastu ekonomikoak, nekea, istripuak eta sufrimendua. Salbuespenezko dispertsio politikak preso politikoen giza eskubideak urratzeaz gain,m senideen eskubideak ere urratzen dituela azaldu du Martinek: "Senideak kondenatuak izan gabe, zigortuak dira". 

Errepidean bizia galdu duten hamasei biktimen aldeko aitortza eskatu du, azalduz, memoria ariketa egin eta sufrimendu guztien aitortzan urratsak eman behar direla berriz ere halakorik gerta ez dadin. Bide batez, biktima horien memoriaren aitortza eskubidea urratzen ari dela gaitzetsi du. Hala, dispertsioarekin amaitzeko deia egin du, eta nabarmendu, dispertsioaren ehunka zauritu eta hamasei hildakoren erantzule zuzena eta giza eskubideak uneoro urratzeko trena izateaz gain, euskal gizarteak hamaika aldiz horrela eskatu duela. "Dispertsioari amaiera emateko ordua da. Hiritar guztien eskubideekiko ardura izateko garaia da, biktima guztiek, Argi eta Iñakik ere, egia, justizia, erreparazioa eta diskriminaziorik ez izateko garaia da, salbuespenik gabe".