Andaluzia Eguna bezperatik ospatu du Semblante Andaluzek

Txintxarri 2022ko ots. 27a, 19:53

Igandea baliatu dute elkarteko kideek hilaren 28ko egun handiko ekitaldiak aurrera eramateko. Meza, bazkaria eta dantza egin dute gaur, eta bihar,  ohorezko ardoarekin egingo dute topa.

Zumaburuko Arantzazuko Ama parrokian egindako meza rocieroarekin hasi dute eguna. Beste batzuetan baino jende gutxiago zegoen, baina eliza ia bete da. Bihar arte elkarteko lehendakari den Jose Mari Melladok agurtu ditu bertaratutakoak: "Jainkoari esker, beste urte batez Andaluziako Eguna ospatuko dugu modu politenean: meza baten bidez". Jarraian, Semblante Rocieroren kanta batekin hasi da elizkizuna, eta iraun artean, otoitzarekin batera tartekatu dituzte beste batzuk. Ohi bezala, Salve rocieroa izan da amaierakoa, eta ondoren, Duende taldeko lau neskatok dantza egin dute. 

Eguerdian, Atsobakar auzoko egoitzan bazkaria egin dute. Ohi baino jende gutxiagok izan du gutizi goxoekin gosea berdintzeko aukera, pandemia tarteko, mugatu egin baitute kopurua. Agintariek ez dute hutsik egin, eta Agustin Valdivia alkatea, Jon Antxordoki eta Estitxu Garmendia zinegotziak Melladoren mahaian eseri dira. Jaten hasi aurretik karguan izan den denboragatik eskerrak eman dizkie kideei eta onena opa, ardura hartuko duen talde berriari. "Gora Andaluzia!" esanez topa egin dute eta otorduari ekin diote. 

Bapo jan ondoren,  bazkaria arintzeko bide aproposa izan daiteke dantza egitea. Katak taldeak flamenko emanaldia egin du, kanta eta dantza uztartuz. Hasieran eserita ikusi dute ikuskizuna bertaratutakoek, baina giroa berotzen joan den heinean, aulkiek utzitako tartean dantza egitera animatu ditu batzuk.

Bihar da egun handia eta ohi bezala ospatuko dute, Ohorezko ardoarekin topa egitera gonbidatu baitituzte udal ordezkariak.