Mendebaldeko Sahararekiko elkartasun asteburua

Txintxarri 2022ko otsailaren 27a

Mendebaldeko Sahara Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuten 1976ko otsailaren 27an. 46 urte bete dira gaur une historiko hartatik, eta horren harira, zenbait jarduera antolatu ditu Saharararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak; oraindik ere bizirik dagoen gatazkaren ibilbidea azaldu eta 2020 urte amaieran berriz piztutako gerraren bilakaeraren berri emateko.

Mendebaldeko Sahararentzat irtenbide bat eskatu eta sahararrei elkartasuna adierazteko unea izaten da otsaila amaiera. Hamarkadetan luzatutako gatazkak ahazturan erori ohi dira, horregatik, garrantzitsua da haiei buruz hitz egitea. Gaia ondo ezagutzen du Ali Salem Iselmu idazle eta kazetariak eta haren berri eman zuen ostegun iluntzean Mercero gunean egindako hitzaldian. Atzerapen pixka batekin hasi ziren, batetik, Iselmuk bizileku duen Arabako Alegria-Dulantzitik etorri behar zuelako, eta bestetik, bere aurkezpena proiektatzeko arazoren bat izan zutelako.

Dena prest zuela, kontaketa historikoari ekin aurretik, taldeko kide Fernando Vaquerizok hartu zuen hitza. Halako saioak gertakariak azaltzeko izan beharrean zenbait errealitate gogoratzeko egiten direla adierazi zuen. Oroitarazi nahi izan zituen gauzen artean, hiru. Lehena, Espainiak Sahararen potentzia administratzailea izaten jarraitzen duela, eta, hortaz, behingoz hitzartutako erreferenduma aurrera eraman edo NBEri hura antolatzeko ardura eman beharko liokeela. Bigarrena, Brahim Gali  Mendebaldeko Saharar errepublikako presidentea dela, “ez terrorista bat”, eta espainiar herritartasuna ere baduenez, zentzuzkoa izan zela koronabirusak kutsatuta zegoela Espainian artatua izatea. Azkenik, sahararrak hiru zonaldetan bizi direla, baldintza oso gogorretan. “Hiru hilabetez egon gara pandemiak baldintzatuta, imajinatu zer den 46 urtez haimetan bizitzea”. 

Gaiaren kokapena eginda, Iselmuk “urteurren garrantzitsu” honen aurrekari historikoen bilakaera gainbegiratu zuen, XIX. mendean Espainiak okupatu zuenetik abiatuta. 1976an lur haiek utzi zituen, Marokok egindako Martxa Berdearekin bat eginez. Lurraldea hirutan zatitzen duten harresiak eraiki ditu urteotan Marokok, besteak beste, sahararrak kostaldetik aldentzeko eta ur horien kontrola izateko. Hala, Europako Batasunarekin sinatutako akordioaren barruan, 112 ontzi europarrek arrantza egiten dute ur haietan, gehienak, 92, Espainiakoak dira. Zonalde bakoitzeko bizimoduaren baldintza gogorrak ere deskribatu zituen, eta hori gutxi balitz, hizlariak salatu bezala, Marokok urratu egiten ditu sahararren giza eskubideak. Gertakari horiek isilarazteko, galarazi egiten du bertan gertatzen denaren berri ematea, kazetariak eta politikariak kaleratu egiten baititu aireportuan bertan. Azken ia mende erdian gertatutakoaren ideia orokorra marraztuta, egungo gatazkaren nondik norakoak argitu zituen. 

Ostiral arratsaldean, berriz, autokarabana egin zuten herriko kaleetan barrena. Hipodromoko aparkalekutik abiatu zuten ibilbidea, bozgorailutik bi ideia gogoraraziz: batetik, gerra albiste den egunotan, sahararrek ia urte eta erdi daramatela Marokoren aurka borrokan; eta bestetik, gaur eguerdian elkarretaratzea egingo zutela Okendon. Hogeita hamar bat lagun batu dira eguerdian Maroko Saharatik At! Independentzia zioen pankarta atzean. Udaletxeko balkoian jarritako Sahararen bandera azpian kokatu dira, eta bertaratu direnen artean, udal ordezkariak eta herriko elkartasun taldeko kideak zeuden. Ordu erdi inguruz luzatu da protesta ekintza, eta amaieran, egoerari buruzko hitz batzuk esan ditu Tomax Arrutik.