Western guztietan bada inoiz falta ez den eszena. Imajinatu, irakurle, barberoa, saloon-a eta sheriff-aren etxea. Egurrezko bi eraikin ilararen arteko bidea, harea, kaktusak, biraka doan adaxka anabasa, eta txistukatutako musika. Ohorea jokoan jartzen duten eztabaida horietako bat edo sakoneko ezin ikusiak piztu du gatazka, eta hura ebazteko bidea bakarra da: duelua. Bi aurkariak aurrez aurre, hankak oker, eskua alboan prest, errebolberrari nork arinago eragingo. Irudi erabat ikonikoa da, generoa iragartzeko kartel batean jartzeko modukoa.
Lasarte-Orian, ordea, bestelako testuinguru batean izan da Inauterietako lehia, sinbolikoagoa eta, zorionez, hildakorik gabea (zaurituak akaso bai, baina jaian blaitzeagatik...). Orain dela aste batzuk udalak aukeratutako gaia “kolonialista” zela argudiatuta, Sorgin Jaiakek lanbideak proposatu zituen aukera gisa. Hori izan da lehen guda zelaia: Ofiziala edo alternatiboa.
Biek izan dituzte jarraitzaileak inauteritako larunbatean. Ipar Ameriketako indigenen etnia ugari ibili dira herriko kaleetan; bakeroak ere ez dira falta izan; baina, dakigunez, ez dute borrokan egin. Batzu-batzuek; erdibidetik jo eta kaktusa izatea aukeratu dute.
Ogibide gama ere zabala izan da: pintoreak, Eroskiko langileak, bizkartzainak, sorosleak edota zorrotzailea. Azken horren txirula entzun dutenek zeruari begiratuko zioten doinu horrek lainoei pilatu eta husteko gogoa eragiten baitie. Han goian, ordea, ez dira agertu. Hauek, koronabirusak bezala, jai egitea erabaki dute, festazaleen zorionerako. Zeruak urdinari eutsi dio eta jaiarekin batera berotzen joan da eguna.
Eguerdi partera arte lasai antzera zegoen erdigunea. Okendo plazan, konpartsen hutsunea lasarteoriatarrek bete dute, bereziki, arratsaldean. Musika pixka bat nahikoa da asko dantzan hasteko eta gogotsu aritu dira haur, gazte eta heldu elkarrekin. Txoko guztiak betetzen joan dira eta iluntzean, lepo zegoen zabalgunea.
Kalean barrena ibili direnek ziur ikusi dute herrikideren baten mozorroa eta irriaren ondoren "ze ona!" bota. Barbie eta Ken, kaxa eta guzti; gatza bizarrean eta pioleta bizkarrean gailurren batetik bueltan zetorren mendizalea; galtzak janztea ahaztu duen telelanean aritu den langilea; artaldea, zakur eta artzainarekin; edo arratsaldean Jaizkibel plazan zebiltzan haurrak zoratu dituen T-Rex dinosauroa. Hamelingo txirulariak arratoiekin egin moduan, alde batetik bestera eraman ditu hurbiltzera ausartu diren haur guztiak.
Izan ere gaiaren dikotomiatik kanpo, nola ez, bere bidea hartu, eta beste edozeren alde egin dute askok. Eta hori da festa honen beste buruz burukoa: mozorroa asmatzeko gaitasuna edo hura maisuki prestatzekoa. Ideiak edo emaitzak, zer du pisu gehien? Bakoitzak bere erantzuna izango du, baina benetan ezinbestekoa dena jarrera da.