Umoreak festarik badu, hori, inauteriak dira, ezinbestean. Mozorro jaian parte hartzeko ia nahitaezkoa da aldartea eta gogoa. Konpartsa gutxiago izanda, giroan nahikoa izango ez zela uste bazuen norbaitek, oker zegoen. Baina, hala ere, horretatik asko duten bi lagunek aurkeztu dute eguerdian konpartsen emanaldia: Mikel Bermejo herritarrak eta Julen Portillo "estranjeruak", berak esan bezala. Saioa aurkeztu eta bakarrizketa bana egin dute, gertatu den edozeri prest haren inguruan barre egiteko. Arazo teknikoak direla soinua piztuta duten sakelakoak, jostailuzko armarekin tiro egiten duen haurra... Edo Mario Bros bilakatzea aukeratu duen David Mateos zinegotzia. Jomugan izan du behin baino gehiagotan Bermejok, "inauterien negazionista" edota "anarkista" gisa definitu ditu mozorrotarako bestelako gaiak aukeratu dituztenak. Alboan eserita zuen Agustin Valdivia ere behin baino gehiagotan aipatu dute, gaur, Ipar Amerikako triburen bateko kide bihurtu bada ere. Gertutasuna ez da muga izan, eta bi aurkezleek lotsarik gabe zirikatu dituzte udal ordezkariak.
Intzak parrandako kideak izan dira lehenak. Esketx moduko batekin hasi dute emanaldia. Taberna gisa girotutako gunean, sheriffari iskin egin nahian zebiltzan bi gaizkilek aurrez aurre topo egin dute poliziarekin, eta Benny Hill saio ezagunaren musikak lagunduta agertokiaren alde batetik bestera korrika ibili dira. Harrapatu eta kartzelan sartu baditu ere, adarra jotzen jarraitu dute. Ondoren, dantzarako gaitasuna erakutsi dute haur eta helduek.
Hurrengo taldea igo aurretik, Portillok bakarrizketa egin du. Azaldu du ez duela mozorrotzeko ohitura, askoz jota, azken unean txinatarren dendaren batera joan, pistola eta kapelaren bat erosi eta bakero janzten dela. Ulertu ez duenari argiago esan dio: Udalak ez dio buruari gehiegi eragin aurtengo gaia hautatzean. "Datorren urteko gaia prest du: Mozorroak". Hautaketa horretatik beste batzuetara pasatu da, Korrikara heldu arte. Korrika egitea eta aldarrikapena ondo uztartzen ez direla ondorioztatu du, baita leloak gainbehera doazela ere.
Jalguneko kideak izan dira eszenariora igotzen bigarrenak. Seven Brides for Seven Brothers -Zazpi emaztegai zaizpi anaiarentzat- filma izan dute inspirazio iturri, baina dantzarako musika bizi eta modernoagoa aukeratu dute.
Sasoeta Sasoianeko taldea agertokira irten aurretik, Bermejok mozorroen gainean hitz egin du. Zenbait ideia eman ditu, Patricio itsas izarra bilakatzeko obrako bost kono besterik behar ez direla, kasu; zenbait oso egokiak zergatik ez diren azaldu du -haurrak eta tabako kaxak, adibidez- edota batzuetan norberaren mugen erakusle direla frogatu du. Azken taldeko kideek indioen alde egin dute ,argi eta garbi; bakero bakarrak, dantza saiotik kanpo gelditu baitira. Bi pieza dantzatu dituzte gogoz eta trebetasunez, txikienetako batzuek zailtasun gehixeago izan badute ere.
Egindako ahaleginari saria denek izan dute. Izan ere, hiru ziren beste hainbeste talderen artean banatu beharrekoak eta inor ez da esku hutsik gelditu: Dibertigarriena Intzak parranda izan da, Alaiena, Jalgune; eta Koloretsuena, Sasoeta-Sasoian.
Kultur etxetik irten eta dantzarako gogoz jarraitzen zuten partaideek, beraz, Gautxori txarangaren atzetik joan dira kale jiran erdiguneko kaleetan barrena.