Dispertsioa ardatz izan dute otsaileko Azken Ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 26a

Urte hasieran iragarri moduan, hilabetero gai baten gainean hitz egiteko baliatu nahi dute aldarrikapen ekintza. Datorren astelehenean Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi hil zirela hemeretzi urte beteko direla-eta dispertsioaz aritu dira oraingoan.

Ohiko bidetik irten dira oraingoan. Ez dute ibilbidea aldatu, baina ekintzaren egitura moldatu zuten. Ordu eta leku berean elkartu dira, baina Sare eta Etxeraten idatzi bateratua plazan irakurri beharrean, Elizatze bertan egin du Ixiar Arteagak. 

Iñigo Gutierrez, Unai Fano eta Jon Crespo presoen kasuan, zigor luzeen hiru laurdenak bete, eta birgizarteratzeko pausoak ematen ari zirela, gradu erregresioa ezarri, eta kartzelara bueltatu behar izan dute. Erabaki horiek salatu ondoren, Jabi Gallaga Euskal Herriko kartzela batera lekualdatuko dutela azaldu du Arteagak. Oraindik ez dakite zein espetxetara ekarriko duten. 

Bestalde, Okendo Zinema Taldeak Tipularen sehaska kanta ekarriko duela ere jakinarazi die bertaratutakoei. Sareren enkarguz Lander Garrok zuzendatuko dokumentalak, gaixo dauden presoen egoerari buruz hitz egiteko aukera emango du. 

Horiek esanda, ibilbideari ekin diote. Okendora iritsi eta Argi Iturralde eta Iñaki Balerdiren irudia proiektatuta zegoen Tiburtzio-Artizar tabernaren gaineko fatxadan. Martxoaren 6an, igandearekin, urteroko omenaldia egingo diete Teresategin. Espetxera bidaia batean izandako istripuan hil ziren, horregatik, dispertsioa da aukeratutako gaia. Herriko zenbait laguni galdetu diete zer den beraientzat eta erantzundakoaren lagin bat irakurri zuten. "Txikienek 'zergatik daukate osaba espetxean?' zergatik dute osaba horren urrun?'" bezalakoak galdetzen dituzte. Distantziarekin batera, denbora ere esan nahi du sakabanaketak, bidaietako zama eta dispertsioak duen iraupena. Horiez gain, bestelako  ondorioak ere baditu, "bizi baldintzetan, poltsikoetan, bizitzak arriskuan jartzeraino".  Halakoez mintzatu dira. Baita elkartasunaz ere, "horri guztiari aurre egiteko indarra", askok aldarrikatu baitute bidaia horietan sortutako harremana.