Zumaburuko ikasleek bi erakustaldi egin dituzte. HH4. mailakoak izan dira lehenak. Animaliaz jantzita agertu dira ikastetxeko patiora. Krokodriloak, tximinoak, panda hartzak, tigreak eta lehoiak eta zebrak ikustera agertu dira hiru esploratzaile ere, eta guztiek elkarrekin oihaneko doinua dantzatu dute. Horien ostean, HH5koen txanda izan da. Eskeletoz jantzita irten dira agertokira eta Nire gorputza da abestia dantzatu dute denek batera. Giro bikainean amaitu dute eskola astea. LHkoak, aldiz, animalia basatiz, zirkuz eta unibertsoz mozorrotuta irten dira jolastokira; besteak beste Astonauta abestia dantzatu dute.
Garaikoetxea-Landaberriko haur eta gaztetxoek, ohi bezala, Lantzeko inauteria izan dute mozorrotarako gaia. Nagusienak, ikastetxetik kanpo irten dira, goiko sarrerako aldapan ilara osatzeko eta bertan itxaron dute txikienak jolastokira irten diren arte. Orduan, dantzan jaitsi dira eta txantxoz jantzitako haurren inguruan jarri dira. Koloretako alkandorak soinean, kapela buruan eta abarkak oinetan zituztela, zeregin horretan aritu dira hogei bat minutuz. Guztien artean ibili da Ziripot batetik bestera, haur guztiak eskuarekin agurtzen. Batzuek dei egin diote, baina hurbildu zaienean beldurtuta aldendu dira. Azken ospakizunetan gertatu moduan, guraso eta senideek kanpoko hesitik ikusi behar izan dute emanaldia.
Badaki inork Landaberri ikastolan western bat grabatu behar ote duten? Hollywood-eko produkzio baten pareko atrezzoa jarri dute Inauterien ospakizuna girotzeko: lastozko fardelak, kaktusak, dinamita, indioen tipiak...eta gaur arratsaldean bertan zebiltzan gaizkileak harrapatzeko sariak! Alproja horiek atzematen dituztenak ez dira astelehenean eskolara joango, hiru jaiegun irabaziko baitituzte. Hori lortu edo ez, gaurko askaria ongi asko irabazi dute, gimnasioan zein anfiteatroan egin dituzten emanaldiekin: euskal musika eta mendebaldea uztar daitezkeela erakutsi dute. Ospakizun arratsaldearen ginga irakasleen emanaldi sorpresa izan da.