Ander Altuna Maeztu: "Proba garrantzitsuetako batean lehiatu eta nire onena ematea da helburua"

Nerea Eizagirre 2022ko otsailaren 25a

Ander Altuna, Eibar Txirrindulari Taldeko kideekin entrenatzen. Arg.: Uxue Garmendia.

Euskadiko egutegiko errepide denboraldia hilaren 26an hasiko da. Hainbat herritarrek junior mailatik amateur mailara egin dute jauzia. Horietako bat dugu Ander Altuna Maeztu (Lasarte-Oria, 2003). Viveros San Anton taldea utzi eta aurten Eibar Txirrindulari taldean ari da lehian. Irailera arteko errepide denboraldi luzea prestatzeko, ziklo-krosean eta pistan lehiatu da

Zergatik aukeratu duzu Eibar Txirrindulari taldea amateur mailan lehiatzeko? 

Orain arte, jubeniletik amateur mailarako jauzia egitean Gipuzkoako talde batera joatea derrigorrezkoa zen. Aurten lege hori aldatu dute. Baina nik aurretik pentsatua nuen Gipuzkoako talde batean geratzea. 

Oraintxe bertan, maila horretako talde gutxi daude Gipuzkoan, eta etxetik gertu zegoenetako batean jarraitzea nuen buruan. 

Aurten, gainera, jende asko ginen jauzia egiteko. Iaz COVID-19a zela eta, ez zen lasterketa askorik jokatu eta gure mailako zein 23 urtez azpiko batzuek ez ziren mailaz aldatu.

Alabaina, Eibar Txirrindulari taldekoek aukera eman zidaten eta nik baiezkoa eman nuen.

Ez zenuen denbora askorik izan atsedenerako, ezta?

Talde batetik besterako jauzia azkarra izan zen eta, besteak beste, entrenamenduetara moldatzeko denbora gutxi izan nuen lasterka hasi baino lehen. Hau da, irailean junior mailako txapelketak amaitu ziren, eta orduan hasi ginen hizketan Eibar Txirrindulari Taldearekin; azaroan, berriz, ziklo-krosean ari nintzen. 

Nola moldatu zara maila berrira?

Orain arte ziklo-krosa eta pista lehiatu ditut. Nire mailako jende asko egon da txapelketa horietan eta ondo joan da, baina ziklo-krosean ohitua nengoen lehen postuetan egotera. Orain, 23 urtez azpiko zein eliteko txirrindulariak batera egiten dugu lasterka; hau da, nazioartean lehiatzen den jendearen aurka egiten duzu lasterka, Munduko Kopan lehiatzen direnekin. Onartu behar dut Espainiako txapeldun baten aurka lasterka egitea zaila izan dela. 

Ez da ohikoa txirrindulari batek errepide denboraldia prestatzeko pista eta ziklo-krosa egitea...
Ez, ez da ohikoa. Nire kasuan, txikitatik, kadete mailatik ari naiz ziklo-krosean.

Orain arte denboraldi osoa egiten nuen, baina aurten moztu egin dut. Amateur mailako sasoia luzea da eta taldeko prestatzailearekin egutegia aztertutu nuen. Errepidera begira, ziklo-kros lasterketa gutxiago egitea erabaki genuen, denboraldia gehiegi ez luzatzeko.

Horregatik, hiru probatan bakarrik parte hartu duzu.

Bai, hori da. Amurrion, Elorrion eta Abadiñon lehiatu nintzen.

Abadiño eta Amurriokoak Euskadi mailako lasterketak izan ziren. Abadiñoko ibilbidea lakarra zen, eta nahiko gogorra egin zitzaidan. Amurriokoan, aldiz, hamahirugarren egin nuen. Erritmo ona hartu nuen, eta pozik nago egindako lanarekin.

Elorriokoa, ordea, nazioarteko proba zen, eta hor gaizki ibili nintzen. Espainiako txapeldunak parte hartu zuen, Felipe Orts-ek, eta hirutan gainditu ninduen. Beraz, kanporatu egin ninduten.

Eta pistako denboraldia nola joan da?

Taldeak eskaini zidan pista egiteko aukera. Gipuzkoako Sariko hiru jardunaldi jokatu ziren, kanporaketako proba eta beste bi, eta nik bakarrean parte hartu nuen.

Nik ez dut pista asko egin eta ez nekien ondo gauza nola zihoan, baina moldatu nintzen, eta azkenean, ondo joan zen.

Euskadiko errepide denboraldia hasiko duzue aurki. Nola ikusten duzu taldea? Zeintzuk izango dira helburuak?

Oso ondo ikusten dut. Astebururo elkartzen gara entrenatzeko. Elkar ezagutu eta gure arteko harremana sendotzeko primerakoa da. Talde polita dugu.

Normalean, Gipuzkoako eta Euskadiko lasterketetan parte hartzen dugu, baita Euskadin lehiatzen diren Espainiako kopako probetan ere –Aiztondo, Balenciaga eta Legazpiko Santikutz Klasika–. Azken horiek izango lirateke Eibar Txirrindulari taldearen helburu nagusiak.

Eta zuri dagokizunez?
Niri forma hartzea kostako zait oraindik. Otsailean gaude, eta denboraldia luzea da. Horregatik, uste dut lehen lasterketetan kosta egingo zaidala, baina pixkanaka-pixkanaka erritmoa hartuko dudala.

Denboraldi erdialderako fin egon nahiko nuke, sasoiko: proba garrantzitsuetako batean lehiatu eta nire onena ematea da helburua. 

Lehen urtea duzu amateur mailan, baina profesional mailarako jauzian pentsatu al duzu?

Amateur mailan gauden txirrindulari guztien helburua da profesionalak izatea. 

Aipatu duzun moduan, aurten nire lehen urtea, da eta mailara moldatzearekin nahikoa dut, baina bigarren eta hirugarren urteetan ikusiko dut ea nola nagoen: denboraldiak nola joan diren aztertu, eta erabakiko dut zer egin, jarraitu edo ez. Ea zer gertatzen den.