'Latinoamerikaren zain urratuak' liburua aurkeztera etorri da Iñaki Alegria

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 25a

Iñaki Alegriak Eduardo Galeanoren 'Latinoamerikaren zain urratuak' –'Las venas abiertas de América Latina'– liburua euskarara itzuli du eta Lasarte-Orian aurkeztu du ostegun arratsaldean

Lasarteoriatarren aurrean aurkeztu du Inaki Alegriak Latinoamerikaren zain urratuak. Eduardo Galeano idazle eta kazetari uruguaiarraren Las venas abiertas de America Latina liburuaren euskarazko bertsioa da, Alegriak berak itzulia. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea izana da Alegria, eta Komite Internazionalistako kide ere bai. Jubilatuta dago gaur egun, eta egoera hori baliatu du Galeanoren lana itzultzeko. Mikel Zinkunegi izan du ondoan, aipatu komiteko kidea da bera ere; militantzia horretan ezagutu zuten elkar. Ostegun arratsaldean egin du aurkezpena, Manuek Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. 

Zinkunegik hartu du hitza saioari hasiera emateko, eta Alegria aurkeztearekin batera, liburuari egin dio erreferentzia. Azaldu du Galeanoren lanak "ideologia eraikitzen" lagundu zuela Latinoamerikan: "Kubako iraultzaren ostean, demostratu zen posible zela iraultza egitea Latinoamerikan". Liburuak Latinoamerikaren historiaren eta kolonialismoaren gaineko azterketa bat egiten duela azaldu du, eta itzultzaileari hitza eman aurretik, Galeanok liburu hori idatzi izanaren arrazoiak azaltzen dituen pasarte bat irakurri die aretoan bildutakoei. Horrela dio: Zainak idatzi nuen besteen ideiak eta bizipen propioak hedatzeko asmoz, horiek apika apur bat lagundu dezaketelako, bere neurrian, betidanik atzetik ditugun galderak argitzen: Latinoamerika ote da irainera eta pobreziara kondenatutako munduko eskualde bat? Nork kondenatua? Jainkoaren errua, naturaren errua? Klima itogarriak, azpiko arrazek? Erlijioak, ohiturek? Zorigaiztokoa ez al da izango historiaren ondorioa; gizakiek egina eta gizakiek ondorioz desegin dezaketena? 

Alegriak hitz egin du gero; liburuaren edukiaren gaineko hainbat zertzelada eman ditu. "Orri gutxitan eta ikuspuntu kritiko batetik", herrialde baten historiaren zati bat kontatzen duela azpimarratu du; gaia akademikoa izanik, historia ekonomikoari buruzko liburu bat dela. Planteamentua, ordea, bestelako da. Hizkuntza akademikotik aterata, Latinoamerikako historia kontatzea da helburua. Historia kontatzeko modua "oso originala" dela nabarmendu du, eta atalen berri eman. Sarrera bat, bost kapitulu nagusi eta zazpi urte beranduago idatzitako epilogo bat ditu. Lehenengo, bigarren eta hirugarren kapituluak, gainera, urtez urte kontatuta egon beharrean, "produktuz produktu" azalduta daude. Adibidez, metalei erreferentzia egiten die horietako batek, eta  horri lotutako konkista eta sarraskien berri ematen du. Elikagaiez hitz egiten du beste batek, esklabotasuna lantzeko. Bigarren zatia, berriz, laugarren kapitulua, hausnarketara bideratuta dago; Ipar Amerikaren eta Hego Amerikaren bilakaeraz irakur daiteke. Bosgarren kapituluak "neoliberalismoaren iragarkia egiten du". Epilogoaz ere mintzatu da. Irakurtzeko "errazena" izan daitekeela esan du Alegriak: "Hor hitz egiten da Argentina, Txile eta Uruguayko estatu kolpeez. Bertan irakur daitezke hain ezagunak diren Galeanoren esaldi biribil asko". Liburua irakurtzera animatzen direnei, hortik hasteko aukera eskaini die. 

Galderak egiteko aukera

Aurkezpen saiora joandako herritarren interesa piztu du Alegriaren liburu aurkezpenak eta izan da itzultzaileari galderaren bat edo beste egitera animatu den entzulerik ere. Itzultzeko zein zailtasun izan duen galdetu dio horietako batek. Alegriak erantzun dio "errespetua" ematen ziola Galeanoren lana itzultzeak: "Agian ausartegia izan nintzen. Zailtasun handienak XVI eta XVII. mendeko testuekin izan ditut, baina hizkuntza poetikoarena izan da zailena. Galeano maisu da hitzekin irudiak sortzen, eta aberastasun hori euskaraz ematea zaila izan da".