Ostadar SKTko Gorengoen Mailako taldeak, esate baterako, igoera fasea jokatuko du. Hilaren 19an, neurketako azken minutuetan lortu zuen helburua Raul Rodriguezek zuzentzen duen taldeak.
Garaipena buruan atera ziren talde urdin-beltzeko kideak eta partidako lehen minutuetan lortu zuten aurre hartzea.
Nahiz eta bi taldeek aukera ugari sortu, markagailua bere horretan mantendu zen.
Partida amaitzeko bost minutu falta zirela, ordea, egoera aldatu zen. Danenak berdinketaren gola egin zuen.
Etxeko taldeak ez zuen helburuak ihes egitea nahi eta indar guztiak jarri zituen bigarren gola lortzeko. Momentu zirraragarriak bizi izan zituzten jokalariek. Azkenean, ahaleginek fruitua eman zuten eta luzapena hasi baino lehen garaipeneko gola egin zuen Ostadarrek.
Eta bi eta batekoarekin igoera faserako txartela zuzenean lortu zuen talde urdin-beltzak.
Ohorezko maila buruan
Aipatu legez, Erregional Gorengoko jokalariek ez dute atsedenerako astirik izango. Hilaren 26an, fase berria hasiko da eta Ilintxa SD izango du aurrez aurre, Michelin Kirol Gunean.Txapelketa aldaketarekin batera, taldearen xedea ere moldatuko da. Orain, Ohorezko Erregional Mailara itzultzeko egingo dute lan.
Eta helburua betetzeko bere multzoko lehen bi postuetan sailkatzeaz gain, finalera iritsi beharko da Ostadar SKT.
Talde urdin-beltza igoera faseko lehen multzoan lehiatuko da. Ilintxa SD taldeaz gain, Roteta SD, Universidad de Deusto, Vasconia CD eta Zumaiako FT taldeen aurka neurtu beharko ditu indarrak sailkapeneko buruan egoteko.
Derbia, zuri-urdina
Infantil I. Mailako taldeek ere atzean utzi dute denboraldi arrunta eta txapelketa berriei aurre egingo diete. Maila horretako Texas Lasartearra taldeak Txapeldunen fasea jokatuko du; Ostadar SKTren A eta B taldeek, berriz, kopan parte hartuko dute.
Hilaren 19an jokatu zen azken jardunaldian, Ostadar B eta Texas Lasartearra taldeen arteko derbia ikusi ahal izan zen Michelin Kirol Gunean.
Talde zuri-urdina nagusi izan zen eta 0-12 amaitu zen norgehiagoka.
Ostadar A taldeak ere emaitza paregabea lortu zuen Andoainen; 0-6 garaitu zuen Euskalduna.
Mailari eutsi
Bestalde, talde urdin-beltzeko Ohorezko Mailako jubenil zein kadete taldeak mailari eusteko lehiatuko dira maiatzera arte.
Jubenilek ederki amaitu zuten lehen fasea; Danena 1-3 garaitu zuten. Alabaina, sailkapeneko zortzigarren postuan amaitu dute lehia.
Kadeteek, berriz, 2-0 galdu zuten Real Sociedad taldearen aurka eta zazpigarren izan dira euren multzoan.
Maila horietan, multzoko lehen lau sailkatuek bakarrik jokatzen dute igoera; gainerako taldeek, Maila eusteko fasea jokatuko. Horietatik bederatzik ez dute hurrengo denboraldian Ohorezko mailan jokatzerik izango.
Parte hartze lehia
Horietaz guztiez gain, bada hirugarren fase batean sartzen den talderik ere.
Ostadar SKTko Infantil Txikiek bigarren faseko azken jardunaldian, 1-0 galdu zuen taldeak Ordiziaren aurka. Ondorioz, bere multzoko laugarren amaitu du eta Parte Hartzea txapelketa jokatuko dute.
Eta hilaren 27an, lehen faseko azken jardunaldia jokatuko duenik ere bada, Ostadar SKTren Ohorezkoa Infantil mailako taldea.