"Hutsik egiten ez dutenez gain, publikoan jende berri gero eta gehiago ikusten dugu, familia gero eta gehiago haurrekin... Oso-oso pozik gaude, gure helburua baita herritarrek ezagutzea planeta honetako itsasoen errealitatea zein den. Lasarte-Oriara egitasmo hau ekartzea gozamen hutsa da".
Lasarte-Oriako Udalaren eta Danok Kide elkartearen laguntza eskertu du Sanchez Carreterok: "Oso erraza da haiekin lan egitea, zikloari arreta asko jartzen diote, prentsaurrekoak egiten ditugu ekimena aurkezteko eta ikusgarritasuna emateko... Eskerrak eman nahi dizkiet CIMASUBen eta Realaren izenean". Norabide horretan, herritarrak aurreratu du antolatzaileak hasi direla honezkero hamabosgarren aldiko datei buruz hitz egiten. "Asko balio du lasai lan egiteak; ia urtebete falta denean, badakigu 2023an ere ekarriko dugula itsaspeko zinema zikloa herrira".
Txikizikloan, 190 ikasle
Esan bezala, CIMASUBen xede nagusiena da kontzientzia sortzea herritarrengan, eta erakustea "berebizikoa" dela itsasoak garbi mantentzea, edo hobe esanda, gehiago ez kutsatzea. "Ez dugu B planik, hau da gure planeta eta zaindu egin behar dugu, baita itsasoak ere, ikaragarri kutsatuta baitaude". Norabide horretan, "funtsezkoa" iruditzen zaio Sanchez Carreterori belaunaldi gazteak heztea. Horregatik, Txikizikloa da adar garrantzitsuenetako bat: herriko hiru ikastetxeko ikasleei unitate didaktiko bat bidaltzen diete antolatzaileek, gaia ikasgelan jorra dezaten, eta gero, emanaldi berezi bat antolatzen dute kultur etxean. "Gaztetxoek sekulako interesa erakutsi dute: saioa ordubetekoa izatea aurreikusi genuen, baina ordu erdi luzeagoa izan zen, galdera pila bat egin zituztelako". Iaz, pandemia tarteko, hiru pase egin behar izan zituzten, baina aurten "normaltasunez" antolatu dute dena, eta 190 ikasle joan dira auditoriora.
Haur, nerabe zein heldu, adin tarte guztientzako jarduera dela nabarmendu du zuzendariak, eta anekdota bat kontatu: "Iaz, zikloa egin genuenean, tabernak itxita zeuden koronabirusagatik, eta inoiz baino ikus-entzule gehiago bertaratu ziren kultur etxera. Bada, emanaldiak bukatu eta gero, batek baino gehiagok esan zidan: 'Nolatan ez dut honen berri izan orain arte? Zoragarria da'. Agian hori gertatu zen beste planik ez zutelako izan herritarrek, baina azpimarratu nahi dut merezi duela etortzeak, ekimen oso interesgarria delako; oraindik honen berri ez duten herritar guztiak gonbidatzen ditut 2023an parte hartzera".
Bestalde, emanaldiak bukatu diren arren, kultur etxeko 1. solairuko argazki erakusketa zabalik dago oraindik: azken eguna otsailaren 25a da.