Lasarte-Oriako atletek domina ugari Espainiako zein Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 23a

Naroa Furundarena (ezkerrean), jauzi hirukoitzeko podiumean. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Ostadar Atletismo saileko kideak 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan zein Adin Txikikoen Gipuzkoako txapelketan lehiatu dira; azken honetan, BAT taldean dagoen Unax Goenaga herritarrak ere parte hartu eta brontzezko domina eskuratu du 800 m. lasterketan

Salamancan lehiatu den 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan lehiatu da Naroa Furundarena herritarra. Ostadar Atletismo saileko kideak jauzi hirukoitzean eta luzera-jauzian parte hartu zuen eta lehen proban, zilarrezko domina eskuratu zuen.

Tessy Ebolesek lehen jauzian egindako 13,53 metroko marka gainditzea zail izan zen Furundarenarentzat eta 12,75 metroko jauzia eginez, podiumeko bigarren mailara igo zen.

Luzera-jauziko lehian aurreko eguneko esfortzua nabaritu eta 5,65 metroko marka egin zuen; zazpigarren postuan sailkatuz.
Atletismo saileko arduradun Oscar Goikoetxeak nabarmendu duenez, azken urteetako jardunari esker, Espainiar Estatuko elitean dago Furundarena. Hala nola, jauzi hirukoitzean egindako markari esker, Espainiako rankingeko 6. postuan da herritarra. 

Horren erakusle da, gainera, hilaren 25etik 27ra Ourensen antolatu den maila absolutuko Espainiako Txapelketan lehiatuko dela herriko atleta.

Gazteak ere fin

Anoetako Antonio Elorza belodromoan, berriz, Adin Txikikoen Gipuzkoako Txapelketa antolatu zen. Adin ezberdinetako podiumean herritarrak izan ziren.

16 urtez azpiko mailan Ostadar Atletismoko Aitor Eizaguirre eta Oinatz Almagrok lortu zituzten dominak. Eizaguirrek pisuko proba irabazi zuen 8,62 metroko jaurtiketarekin; Almagro, berriz, bigarren izan zen jauzi hirukoitzean (10,54 m.) eta hirugarren luzera-jauzian (4,88 m).

Talde urdin-beltzeko kide Alex Alkain 18 urtez azpiko 60 m. lasterketako hirugarren mailara igo zen. 7,35 marka egin zuen gazteak.

Bestalde, 20 urtez azpiko probetan, Ostadarreko Eneko Andonegik eta Nahia Surutusak zilarrezko domina jantzi zuten pisu-jaurtiketa proban. Biek 7,86 metroko jaurteketarekin lortu zuten podiumera igotzea.

BAT taldean dagoen Unax Goenaga herritarrak hirugarren postua eskuratu zuen 800 m. lasterketan 2.06,25 marka eginez.

Hilaren 26an, larunbatarekin, aukera berria izango dute atleta gazteek euren markak ontzeko. Donostiako Antonio Elortza Belodromoan bertan euren mailako Euskadiko Txapelketa antolatuko da.