Infantil mailako Euskal Herriko Txapelketan Iker Gorostegui 100 m. lau estilo proban igo zen podiumera; 1.10,92 egin eta brontzezko domina jantzi zuen, baita bere marka pertsonala hobetu ere.
Beste bi alditan ere lehiatu zen 100 m. libre (1.00,73) eta 400 m. lau estilo probetan eta bietan bere markak ondu zituen. Estilo libreko proban, gainera, 50 metroko pasean bere marka hautsi zuen (29,94) eta Euskal Herriko Udako Txapelketarako txartela eskuratu zuen.
Tamalez, lau estilo proba luzean deskalifikatua izan zen eta ezin izan zuen podiumera igo. "Egindako denborarekin hirugarren postua izango zukeen," azaldu dute Buruntzaldea IKTren arduradunek.
Jurgi Sukunzak estilo libreko hiru proba burutu zituen (800 m., 100 m. eta 200 m.). Proba motzetan txapelketa aurreko markak gainditu zituen: 100 m. proban, 1.00,38 eta 200 m. proban, aldiz, 2.13,33.
Azken lehiaketa horretan gainera Euskal Herriko Udako Txapelketako gutxienekoa lortu zuen eta dagoeneko bost probatan parte hartuko du igerilari gazteak udako hitzordu garrantzitsuan: 100 m., 200 m., 400 m., 800 m. eta 1500 m. libre probak.
Miren Sarobek 100 m. eta 200 m. lau estilo probetan eta 200 m. libre proban egin zuen igeri.
200 metroko bi probetan bere markak ontzeaz gain, udako probarako txartelak eskuratu zituen. Lau estiloko saioan 2.45,48 eginez, ia zazpi segundo hobetu zuen marka eta estilo librekoan, berriz, bost segundo azkarrago izan zen, 2.22,72.
Zortzigarren postua
Taldekide Nahia Zudaire, ordea, Espainiako selekzioarekin British WPS World Series proban lehiatuko zen. Sei probatan parte hartu zuen igerilari gazteak eta 400 m. libre proban lortu zuen emaitzarik onena, zortzigarren postua.