Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira aurten San Pedro Jaiak, eta horiek prestatzeko herritarren iritzia kontuan hartu nahi du udalak. Horretarako, prozesu parte hartzaile bat jarriko du martxan, eta lasarteoriatarrek euren proposamenak helarazi ahal izango dituzte.
Iritziak emateko bi bide izango dituzte herritarrek. Batetik, dagoeneko etxez etxe banatzen ari diren eskuorrien bidez. Horiek behar bezala bete eta parte hartze postontzietan utzita. Kultur etxean, Emakumeen Zentroan, kiroldegian, Gaztelekuan eta udaletxean dago bana. Bestalde, sarean egiteko aukera ere izango da. Horretarako, www.lasarte-oria.eus atarian sartu beharko dute interesatuek.
Hiru multzotan banatu dituzte egin daitezkeen proposamenak. Alde batetik euskal musika taldeak proposatu ahal izango dituzte; bestetik, nazio mailakoak; eta, hirugarrenik, musika taldeak ez diren bestelako jarduerak (antzerkiak, jokoak, eta abar).
Martxoaren 13ra arte izango dute aipatu prozesuan parte hartzeko aukera.