Bultza Ligako jardunaldiak errugbi barneratzailea ekarri zuen Michelin Kirol gunera

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 22a

Bultza Ligako neurketa zirraragarriaz izan zen lehenengoz hilaren 20an Michelin Kirol Gunean. Hernani CRE eta Universitario de Bilbao talde barneratzaileek ligako jardunaldia jokatu zuten. Euriari aurre eginez, bi taldeak errugbiaz gozatzera atera ziren

Baloia eskuetan mantentzeko arazoak izan zituzten hasieran. Alabaina, egoerari aurre egin eta lehen zati orekatua izan zen. 

Bigarrenaren hasieran bizkaitarrek ezarri zuten erritmoa. Hernaniarrek, ordea, ez zuten amore emango eta defentsa ederrari esker, aurre egin zieten bi entsegurekin. Partida amaitu baino lehen Universitariok azken entsegua egin zuen.

Oroigarria

Neurketa amaitzean hirugarren denboraz gozatu zuten guztiek. Bertan, Hernani CREren lehendakari Joxe Kurutz Elosegik Juankar Ciria Beltzak Errugbi taldeko beteranoen  lehendakariari oroigarri bat eman zion, eskertza modura. Hernaniko Landare zelaia oraindik ez dago erabilgarri eta Beltzak RT taldeak bere laguntza eskaini dio Hernaniri neurketa jokatu ahal izateko.

Hernani CREren lehendakari Joxe Kurutz Elosegik Juankar Ciria Beltzak Errugbi taldeko beteranoen lehendakariari oroigarria ematen. Arg.: Beltzak RT.

Aurpegia eta gurutzea

Bestalde, Hernani CREren aurkako bi norgehiagoka izan zituen Gesalaga Okelan Zarautzen taldeek eta emaitzak ezberdinak izan ziren. 

Hilaren 20an, 16 urtez azpiko neurketa izan zen Michelin Kirol gunean. Bertan beltzak nagusi izan ziren  eta 0-53 amaitu zen partida.

Astin, berriz, Ohorezko B mailako taldeak 19-11 galdu zuen.Atsedenaldian 0-11 irabazten joan arren, Hernaniko taldeak neurketari itzulia eman eta partida eskuratu zuen.

Partida horretan Ander eta Xabier Rekondo anaiak hasierako hamabostekoan atera ziren zelaira. Gainera, Beltzak RTko Gabriek Gavilan "Gavi"k estreinakoz jokatu zuen Ohorezko Mailako taldearekin.

Bestalde, Jon Ibisate herritarrak Nazional mailako epaile azterketa gainditu du. Horri esker, Ibisatek Ohorezko B Mailako (2. maila nazionala) zein 23 urtez azpiko ligetako partidak epaitu ahalko ditu.