LOKEko gimnastak Eskolarteko Txapelketako lehen postuetan sailkatu dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 22a

Eskolarteko Txapelketako Infantil B mailan lehiatu diren Maialen Aranzabe (ezker) eta Maitane Sarmiento (eskuin). Arg.: LOKE Gimnastika

Hilaren 19an eta 20an, Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastek bi hitzordu izan dituzte –Benjamin topaketa eta Eskolarteko A eta B mailako txapelketa– eta arduradunak pozarren daude taldkeo kideek egindako lanarekin.

Eskolarteko A eta B mailako txapelketa lehiatu zen hilaren 20an Donostiako Carmelo Balda kiroldegian. Infantil B mailako lehiaketan –uztaiarekin egindako lanak– lehen postuetan izan ziren LOKEren ordezkariak.

Banakako txapelketan LOKEren bi kide izan ziren sailkapeneko buruan. Maialen Aranzabek lehen postua eskuratu zuen eta Maitane Sarmientok, berriz, bigarrena.

LOKEren arduradunek azaldu digutenez, "Aranzabek bikotea osatzen du Ane Lopezekin batera. Beraz, ez du bigarren fasean parte hartuko. Horretan Lopezek pilotarekin egingo du lan".

Infantil B mailako taldea ere lehiatu zen txapelketan. "Kideetako bat lesionatua zegoen eta azken momentura arte ez genuen jakin lehiatu ahalko ziren edo ez", onartu dute arduradunek. Arazoa gaindituta zazpigarren postua eskuratu zuen taldeak. 

Infantil B mailan lehiatu den taldea. Arg.: LOKE GImnastika.

Otsailaren 19an, berriz, Benjaminen topaketa izan zen Hernanin. LOKEk entrenatzen dituen Landaberri 1, Landaberri 2 eta Ekintza taldeek parte hartu zuten. Banaka ere ordezkari bat izan zen, Sara Rodriguez Ekintza ikastolaren izenean. 

Taldeko entrenatzailek jakitera eman dutenez, eurek zein gurasoek ederki gozatu zuten gimnasta gazteek egindako lanarekin.