Makina bat ekimen Inauteriaz gozatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ots. 22a, 12:25

Askotariko mozorroak jantzita irtengo dira lasarteoriatarrak kalera asteburuan. Ekimen ugari antolatu dituzte udalak, Ttakun Kultur Elkarteak eta konpartsek elkarlanean. Horien aurkezpena egin dute. Giro ederra izango da ostegunetik igandera

Lehertzear da Inauteria Lasarte-Orian. Azken asteetan herriko konpartsekin zein eragileekin bildu dira udal ordezkariak, eta Inauteria ospatu ahal izateko alternatibak bilatzen aritu ostean, prestatu dute behin betiko egitaraua. 

Adin eta gustu guztiei zuzendutako jarduerak izango dira. Hilaren 24an, osteguna, Udal Musika Eskolako musikarien kontzertu bufoaz gozatu ahal izango dute lasarteoriatarrek. 19:00etan izango da, kultur etxean. Hurrengo egunean, otsailaren 25ean, Ttakun Kultur Elkarteak herriko haur eta gazteentzat prestatutako jarduerak izango dira. 18:00etatik 19:30era, Garaikoetxean LH3-4ko mailako gazteek Talent Show-ean parte hartzeko aukera izango dute. Saritxoak eta goxokiak banatuko dira, eta photocall-a ere izango da. Bertan ateratako argazkiak txintxarri.eus atarian jarriko dira ikusgai. LH 5-6.mailakoek ere jarduera berdina prestatu dute, baina Gaztelekuan. 18:00etatik 19:30era izango da. DBHko nerabeentzat ere izango da eskaintza hori, baina beste ordutegi batean: 19:00etatik 21:00etara. Azken hauek, gainera, Epaileen bila  egingo dute.

Horietan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Horretarako honako telefono zenbakietara edo emailetara idatz dezakete: HH eta LHkoek 695 78 53 92 eta aisia@ttakun.eus  eta DBHkoek, aldiz, 665 49 75 02 edo ktglasarteoria@ttakun.eus 

Otsailaren 26an, konpartsen txanda

Eguerdian egingo dute jaialdia konpartsek kultur etxean. Hiruk parte hartuko dute aurten: Intzak parrandak, Jalgune elkarteak eta Sasoeta Sasoianek. Ordubeteko iraupena izango duela aurreikusi dute antolatzaileek, eta aurreratu, Mikel Bermejo eta Julen Portillo umoregileak arduratuko dira emanaldia dinamizatzeaz. 

Hori amaituta, 13:00etan Gautxori txaranga ibiliko da herrian barrena. Kultur etxetik abiatuko da eta 14:30eak arte girotuko dute kaxkoa. Bazkalostean berriz ere irtengo dira kalera, 17:00etatik 20:00etara. 

Gauen, aldiz, dantzaldia izango da Andatza plazan. DJ bat arduratuko da musika jartzeaz, 22:00etatik 01:00etara. 

Euskal Inauteria hilaren 27an

Euskal Inauteria izango da herrian otsailaren 27an, igandearekin. Goizez egin asmo dute ekitaldi nagusia, 11:30ak aldera, eta jende pilaketak saihestu eta segurtasuna bermatzeko herriko txoko hainbatetan egingo dutela iragarri dute. Sagardotegi kaletik abiatu, eta handik Juan XXIII plazara joango dira; Isla plazara gero, eta, amaitzeko, Elizatze plazara. Ordu laurden edo hogei minutuko kantu eta dantza emanaldiak egingo dituztela iragarri dute.

Herriko hainbat eragilek hartzen dute parte Euskal Inauterian, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Bertan izango dira Plaza Dantzako kideak, Xumelako lagunak, Kukuka eskolako antzezle eta dantzariak eta Ttirriki Ttarrakako musikariak, besteak beste.  

Lasarte-Orian Euskal Inauteririk ez da, txantxo jantzita ez bada. Horretarako, jantzia prestatzeko ikastarotxoan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek.  Otsailaren 24an izango da, arratsaldez (17:30ean). Mirentxun elkartuko dira, eta haurrek zein helduek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Izena ematea ezinbestekoa da eta horretarako, bi bide daude: 695 78 53 89 WhatsApp zenbakia edo kultura@ttakun.eus helbidea. Partaideek lastozko txanoak eta koloretako oihal zaharrak eraman behar dituzte.

 

Ttakun KE-ren ekimenek itxiko dute aurtengo Inauteri egitaraua. Oeste ginkana prestatu dute. HH 5 eta LH 1-2 mailakoek parte hartu ahal izango dute bertan, 11:00etatik 13:00etara. Arratsaldean (17:30ean), berriz, 5 eta 8 urte arteko haurrak dituzten sendientzat makillaje tailerra izango da; desfile eta guzti. Saritxoak ere banatuko dituzte.

Sorgin Jaien mozorro proposamena
Lasarte-Oriako Udalak Indioak eta bakeroak gaia onartu du aurtengo inauteriak ospatzeko, eta Sorgin Jaiak-en iritziz, "arrazista eta koloniala" da. Horren ordez, herritarrei proposatu die lanbideez mozorrotzeko otsailaren 26an.