2022ko kultura ikastaroak aurkeztu ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 21a

Izen ematea zabalik dagoela jakinarazi dute udal ordezkariek; martxoaren 2ra arte izango da horretarako aukera. Eskuorriak banatzen ari dira, etxez etxe

Kultura ikastaroak aurkeztu ditu Lasarte-Oriako Udalak astelehen goizean; herritarrei aisialdirako aukera ludiko-hezitzailea eskaintzeko helburuz antolatu dituzte. Lasarte-Oriako gizarte bizitzan parte hartzea sustatu nahi du udalak, eskulan, arte, jolas eta bestelako zenbait jardueren bitartez. Hamasei urtetik gorako lasarteoriatarrei zuzenduta daude ikastaroak, eta interesa dutenek dagoeneko egin dezakete inskripzioa. Horretarako lau bide dituzte. Aurrez aurre egin nahi duena, Manuel Lekuona kultur etxera joan beharko du (10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara). Telefonoz ere eman daiteke izena, honako zenbakira deituta: 943- 37 61 81. Iaz jarri zuten online izena emateko aukera lehen aldiz, eta aurten aukera horri eustea erabaki dute. Hau da sarean izena emateko helbidea: www.lasarte-oria.eus . Azkenik, etxez etxe banatzen ari diren eskuorrian agertzen den QR kodea eskaneatuta ere egin daiteke. 

Martxoaren 7an hasiko da lehen ikastaroa eta hortik aurrera gainerako guztiak. Denak izango dira ekainera arte, Zurlanketa ezik; abendura arteko iraupena izango du. Udal ordezkariek azaldu dute plazak mugatuak direla, eta, hortaz, plaza kopurua baino izen emate gehiago batzen dituen ikastaroen kasuan, zozka bidez esleituko direla plazak. Argitu dute, kasu horretan preferentzia izango dutela ikastaro bakarrean izena eman dutenek. Hala, ikastaroak aurrera ateratzeko gutxieneko pertsona kopuru batek eman beharko du izena. 

Honako hauek dira 2022ko kultur ikastaroak:

Helduak Eguna Ordutegia Prezioa erroldatuak Prezioa erroldatu gabeak Datak
Areto dantza ostirala 11:00-12:00 28,54 euro 47,53 euro 03/11-06/17
Argazkigintza tailerra (hastapena) osteguna 19:00-20:30 38,03 euro 63,38 euro 03/10-06/16
Estimulazio kognitiboa asteartea 18:30-20:00 50,66 euro 84,43 euro 03/08-06/14
Gorputz jarrera heziketa ostirala 19:15-20:45 22,82 euro 38,03 euro 03/11-06/17
Ilaran dantza osteguna 18:00-19:00 28,52 euro 47,53 euro 03/10-06/16
Joskintza eta arropa konponketa asteazkena 10:00-12:00 50,70 euro 84,50 euro 03/09-06/16
Sendabelarrak osteguna 17:00-18:30 43,03 euro 71,71 euro 03/10-06/16
Meditazioa asteazkena 19:00-20:30 47,53 euro 79,22 euro 03/09-06/16
Patchwork asteartea 19:00-20:30 50,70 euro 84,50 euro 03/08-06/14
Sabel dantza osteguna 19:45-21:15 28,52 euro 47,53 euro 03/10-06/16
Zurlanketa astelehena 17:30-20:30 146,25 euro 243,75 euro 03/07-12/19

Ikastaro horietan erabili beharreko materiala prezio horietatik kanpo geratzen dela nabarmendu dute udal ordezkariek.

Ikastaro irekiak ere bai

Aurten ere izango dira 5 + 1 ikastaro irekiak. Lasarte-Oriako Udalak sustatutako ekimena da, eta kulturaren zein gizartearen arlokoak izan daitezken ikastaro berrien sorrera bultzatze du xede. Horrela, pertsona batek egin nahi duen ikastaro baten proposamen egin ahal izango du, baina gutxieneko parte-hartzaile kopurura iristeko, tailer hori egin nahiko luketen bost pertsona gehiago bildu beharko ditu. Baldintza hori betez gero, udalak ikastaroa egiteko konpromisoa hartuko duela azpimarratu du. Proposamenak egiteko, inprimaki bat bete beharko dela argitu dute. Udalaren web atarian aurkitu daiteke, eta ez da entregatzeko denbora eperik; urte osoan zehar aurkeztu daitezke.