Eskualdeko Euskara sailetako buruak Andoainen izan dira, gidabaimenaren atal teorikoa iaz euskaraz atera zuten pertsonen artean bederatzi sari zozketatzeko. Herri bakoitzak dituen autoeskola kopuruaren arabera, saridun gehiago edo gutxiago daude, eta Lasarte-Oriaren kasuan, Irati Martija Azpirozek poltsikoratu ditu 400 euroak. Gainerako zortzi sarietatik hiru Hernanira joan dira, bi Andoainera, eta bana Astigarragara, Urnietara zein Usurbilera.
1.192 pertsona hamabi urtetan
Eskualdeko udalek duela hamabi urte jarri zuten martxan Gidabaimena Euskaraz izeneko egitasmoa, eta Euskara sailetako buruek agerraldian nabarmendu dute 1.192 ikaslek lortu dutela tarte horretan lizentzia horren atal teoria euskaraz egitea. Pandemiaren eraginagatik, 2020tik hona aurreko urteetan baino pertsona gutxiagok egin dute hautu hori, baina "pozik" daude arduradunak, programa egiten ari den bidearekin. "Ezinbestekoa da belaunaldi gazteei eskolaz kanpoko jarduera garrantzitsu bezain erakargarri hau euskaraz eskaintzea".
Norabide horretan, zehaztu dute aurtengo kanpaina maiatzean hasiko dela, eta 2022an 18 urte betetzen dituzten gazteei zuzenduta egongo dela, batez ere. Egitasmoa balioan jarri badute ere, onartu dute hainbat erronka dituela: "terminologia bateratu bat" sortzea eta "kalitatezko azterketa ereduak" garatzea aipatu dituzte, besteak beste. Halaber, uste dute azterketa teorikoan egiten den lanak jarraipena izan behar duela atal praktikoan.