Asier Pozo herritarrak laugarren postua eskuratu du Espainiako txapelketako Madison proban

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 21a

Telmo Semperena eta Asier Pozo (eskuinean) herritarra, proba artean. Arg.: Eibar Txirrindulari Taldea

Hilaren 19an eta 20an, Omnium eta Madison Espainiako txapelketak lehiatu ziren Palma Mallorcako Iles Balears belodromoan. Bertan Eibar Txirrindulari taldeko Asier Pozo herritarra izan zen lehian 23 urtez azpiko mailan. Madison proban lortu zuen emaitzarik onena; laugarren postua lortu zuen taldekide Telmo Semperenarekin batera. Brontzezko domina eskuan izan zuen bikoteak lasterketako azken bi itzuliak baino lehen. Alabaina, elite mailako Martorell- Palladares bikoteak kendu zien podiumera igotzeko aukera.

Egun bat lehenago, hilaren 19an, Omnium modalitateko probetan –scratch, tempo, kanporaketa eta puntuazioa– parte hartu zuen herritarrak eta sailkapen orokorrean hamaseigarren izan zen. Scratch proban itzulli bat galdu eta 21. postua eskuratu zuen. Eguneko bigarren saioan, Tempo, erorikoa izan zuen herritarrak eta sailkapeneko azkeneko postuan jarri zen. Kanporaketa eta puntuazio probetan, berriz, hemezortzigarren eta hogeigarren izanik postuak igotzea lortu zuen.