Ostadarrek ezin izan zuen Universidad de Deustoren aurka ezer egin

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 21a

Ostadarren jokalariak, blokeo bat egiten.

Euskal Ligako 2. Mailako Ostadar taldeak partida zaila jokatu zuen hilaren 19an, larunbatarekin. Aurrez aurre sailkapeneko lehen postuan den Universidad de Deusto Madre de Dios taldea izan zuen Maialen Chourraut kiroldegian; urdin-beltzek ezin izan zuten ezer egin bilbotarren aurka

Hasieratik bere nagusitasuna erakutsi zuen Deustuko taldeak. Sakeen bitartez min handia egin zion etxeko taldeari eta baloiarekin jokoan ere teknikoki hobeak zirela erakutsi zuten. Ondorioz, hiru setak irabazi zituen aurkariak (7-25; 8-25 eta 13-25).

Asier Acuriolak prestatzaileak onartu bezala, "neurketan argi geratu zen bi taldeek maila ezberdina dugula". Hirugarren setean Ostadarrek egindako lana ere nabarmendu du: "Bost minutu izan ziren, baina horietan nahi genuen bezala jokatu ahal izan genuen. Defentsan ere, blokeoari esker aurre egiteko gai izan ginen. Baina ameskeri hutsa izan zen".

Asteburu honetan, Ostadarrek atsedena izango du. Ostean, lehiaketako azken hiru jardunaldiei aurre egin beharko die, baita atzeratutako partida bati ere.

Garaipen berria

Harrobiko taldeei dagokionez, kadete mailako taldeak garaipen berria lortu zuen. Lizardi bat taldea izan zuen aurkari eta 2-3 irabazi zuten urdin-beltzek.

Jubenilek, ordea, ez zuten neurketarik izan; Aldapeta Maria B taldearen aurkako partida atzeratua izan zen.