ESKUALDEA

Usurbilgo Lanbide Eskolak martxoaren 9an egingo du ate irekien jardunaldia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ots. 21a, 09:00

Aurrematrikula ekainean egin ohi badute ere, DBH zein Batxilergoa egiten ari diren ikasleak hasiak dira etorkizunean zer egin nahi duten pentsatzen, eta horregatik, ate irekien jardunaldia antolatu du Usurbilgo Lanbide Eskolak (ULE) martxoaren 9an, arratsaldez. Zentroaren webgunean izena eman behar dute parte hartu nahi dutenek. Bestalde, aurreratu du aurten praktikak egin ahalko dituztela estudianteek atzerrian, Eramus proiektuaren barruan. 

ULEk zehaztu duenez, ikasleek Erdi Mailako zein Goi Mailako ikastaroak egin ditzakete lanbide eskolan. Ziklo hauen artean aukera dezakete:

  • Erdi Maila: Administrazio Kudeaketa, Instalazio Elektriko eta Automatikoak, Hozteko eta Beroa Sortzeko Instalazioak eta Mekanizazioa.
  • Goi Maila: Administrazioa eta Finantzak, Automatizazio eta Robotika Industriala, Fabrikazio Mekanikoko Produktuen Programazioa, Fluido Instalakuntzen eta Instalakuntza Termikoen Mantenua, Energia Eraginkortasuna eta Eguzki Energia Termikoa eta Energia Berriztagarriak.

Praktikak egiteko aukerak

ULEko ikasleek aukera izango dute lehen mailatik enpresa munduan sartzeko, eta astean bitan lantegiren batean praktikak egiteko. "Estudiante guztiak joango dira enpresetara, martxotik maiatzera: bi egunez praktikak egingo dituzte, eta beste hiruetan, eskolak jasoko dituzte, ikasiko dutena sendotze aldera". Horrez gain, "betiko praktikaldia" egin ahalko dute, bigarren mailan, hiru hilabetez, edo bestela, Dual programan parte hartu, eta ikasketak eta lana uztartu ikasturte osoan, kontratuarekin.

Bestalde, gogorarazi du martxan dagoela STEAM prestakuntza osagarria, ikasleen gaitasunak indartzeko helburua duena. Sei orduko errefortzu saioak ematen ditu ULEk, arlo hauetan: Robotika eta Programazioa, Matematika, Fisika, Kimika, Gaztelania eta Pentsamendu Kritikoa.

Erasmusa, aurten bai

Badirudi koronabirusak ez duela aurtengo Erasmus programa etengo, eta ULEko ikasleek aukera izango dutela atzerrian praktikak egiteko. Hala iragarri du zentroak, eta zehaztu, estudianteei esperientzia hori bizitzeko aukera emateaz gain, asmoa dela atzerriko enpresekin harremanak sendotzea.