Lehertzear da Inauteria Lasarte-Orian. Euskal Inauteria izango da herrian otsailaren 27an, igandearekin. Goizez egin asmo dute ekitaldi nagusia, 11:30ak aldera, eta jende pilaketak saihestu eta segurtasuna bermatzeko herriko txoko hainbatetan egingo dutela iragarri dute. Sagardotegi kaletik abiatu, eta handik Juan XXIII plazara joango dira; Isla plazara gero, eta, amaitzeko, Elizatze plazara. Ordu laurden edo hogei minutuko kantu eta dantza emanaldiak egingo dituztela iragarri dute.
Herriko hainbat eragilek hartzen dute parte Euskal Inauterian, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Bertan izango dira Plaza Dantzako kideak, Xumelako lagunak, Kukuka eskolako antzezle eta dantzariak eta Ttirriki Ttarrakako musikariak, besteak beste.
Lasarte-Orian Euskal Inauteririk ez da, txantxo jantzita ez bada. Horretarako, jantzia prestatzeko ikastarotxoan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Otsailaren 24an izango da, arratsaldez (17:30ean). Mirentxun elkartuko dira, eta haurrek zein helduek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Izena ematea ezinbestekoa da eta horretarako, bi bide daude: 695 78 53 89 WhatsApp zenbakia edo kultura@ttakun.eus helbidea. Partaideek lastozko txanoak eta koloretako oihal zaharrak eraman behar dituzte.
Udalak egitaraua ixtear du, eta astelehenean aurkeztuko duela iragarri du. Halerer, Ttakun Kultur Elkarteak aurreratu ahal izan dio TXINTXARRI-ri beraren eskaintza. Ha da: otsailaren 25ean, 18:00etatik 19:30era, Garaikoetxean LH3-4ko mailako gazteek Talent Show-ean parte hartzeko aukera izango dute. Saritxoak eta goxokiak banatuko dira, eta photocall-a ere izango da. Bertan ateratako argazkiak txintxarri.eus atarian jarriko dira ikusgai. LH 5-6.mailakoek ere jarduera berdina prestatu dute, baina Gaztelekuan. 18:00etatik 19:30era izango da. DBHko nerabeentzat ere izango da eskaintza hori, baina beste ordutegi batean: 19:00etatik 21:00etara. Azken hauek, gainera, Epaileen bila egingo dute. Hilaren 28rako, aldiz, Oeste ginkana prestatu dute. HH 5 eta LH 1-2 mailakoek parte hartu ahal izango dute bertan, 11:00etatik 13:00etara. Arratsaldean, berriz, 5 eta 8 urte arteko haurrak dituzten sendientzat makillaje tailerra izango da; desfile eta guzti. Saritxoak ere banatuko dituzte.
Horietan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Horretarako honako telefono zenbakietara edo emailetara idatz dezakete: HH eta LHkoek 695 78 53 92 eta aisia@ttakun.eus eta DBHkoe, aldiz, 665 49 75 02 edo ktglasarteoria@ttakun.eus
Sorgin Jaien proposamena
Lasarte-Oriako Udalak Indioak eta bakeroak gaia onartu du aurtengo inauteriak ospatzeko, eta Sorgin Jaiak-en iritziz, "arrazista eta koloniala" da. Horren ordez, herritarrei proposatu die lanbideez mozorrotzeko otsailaren 26an.