Gorengoen Mailako Ostadarrek partida erabakigarria jokatuko du bihar

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 18a

Ostadar eta Getariako KETA Babyauto taldeen arteko neurketako irudia.

Lehen faseko azken jardunaldia zirraragarria izango da Ostadar SKTko Gorengoen Mailako taldearentzat; igoera fasera sailkatzea izango du jokoan. 

Egun sailkapeneko laugarren postuan den arren, Lasarte-Oriako taldeak ez du igoera faseko txartela ziurtatuta. 27 puntu ditu, eta bosgarren postuan den Usurbilek, beste horrenbeste, baina atzetik dago, bi derbiak Ostadarrek irabazi dituelako.Beraz, hilaren 19an, Michelin kirol gunean jokatuko duen partida garrantzitsua izango da.

Danena KE du aurkari, eta helburu bakarra izango dute buruan urdin-beltzek, garaipena. Zizurkildarrek ez dute aukerarik kategoriaz igotzeko lehiatzeko, baina arerio zaila dela erakutsi zieten lasarteoriatarrei. Izan ere, joaneko neurketan 3-1 garaitu zituzten. Etxekoek irabaziz gero, ziurtatuta dute maiatz amaierara arte Gorengoen Mailako talde onenen aurka lehiatuko dutela; berdindu edo galduko balute, aldiz, eragina izango luke Usurbil eta Tolosaren aurkako neurketak. Kontuak errazak dira: Ostadarrek, sailkatzeko, Usurbilek erdiesten duen emaitza bera lortu behar du. Edonola ere, azken segundora arte sufritzen eta beste batzuek egiten dutenaren menpe egon nahi ez dutenez, irabaztea besterik ez dute buruan.

Otsailaren 12 eta 13ko asteburuan atseden hartu zuen Ostadarrek, eta horregatik, indarrez eta gogoz ariko da. "Iruditzen zaigu nahikoa maila badugula kategoriako onenekin indarrak neurtzeko, eta Ohorezko Mailara igotzen saiatzeko, baina hori zelai barruan erakutsi behar dugu", azpimarratu dute taldeko arduradunek.

Etxeko lanak lehenago egiteko aukera ederra izan zuten otsail hasieran, baina 2-1 galdu zuten Billabonaren aurka. Orain, arantza ateratzen saiatuko dira.