Asensiok zehaztu duenez, plaka horiek estazioak kontsumitzen duen energiaren %25 inguru produzituko du, eta horrek energia fakturaren %15 aurreztea ekarriko diola Aldundiari. "Gipuzkoako ibaien kudeaketa eredua erreferentziazkoa da Euskal Autonomia Erkidegoan zein Espainiar Estatu osoan; gune hauetan autokontsumoa sustatuta, urrats bat egiten dugu gure lurraldeko ibaien kudeaketa jasangarriaren ereduan". Obra Hidraulikoetako departamentuak 6.000 euro inbertitu ditu lanetan.
Lasarte-Oriako estazioak, gutxi gorabehera, 12.000 kilowatt orduko (kWh) kontsumitzen ditu urtean. Sei eguzki plaka horiek 2.578 kWh ekoiztea aurreikusi du Aldundiak. 2021ean, esaterako, 2.186 produzitu zituen.
Ur emaria neurtzeko 25 gune
1983ko uholdeen ostean, Gipuzkoako ibaietako emaria aztertzeko eremuak eraikitzen hastea erabaki zuen Aldundiak. Gaur-gaurkoz, 25 daude probintzia osoan. Esan bezala, Lasarte-Oriakoa 1999an instalatu zuten, eta urte horretako abenduaren 14an hasi zen neurketak egiten: besteak beste, zorrotz aztertzen dute Oria ibaiaren emaria zenbatekoa den. "Gure herrian uholdeek-eta eragin ditzaketen kalteak aurreikusteko aukera ematen digu estazioak", zehaztu du Valdiviak.
Zentzu horretan, alerta gorria aplikatzen dute baldin eta emaria 4,20 metro baino handiagoa bada. Iazko abenduan, esaterako, 4,75ekoa izan zen. Orain arteko zifra altuena 2011ko azaroan erregistratu zuten: ia 6 metro.
