2021ean eskolarteko mailako gimnastek ez zuten lehiarik izan. Tapizean lehiatzeko gogoz daude eta azkenik, asteburu honetan guztiak bildu eta euren dohainak erakutsi ahalko dituzte. Bi hitzordu izango dira: Eskolarteko A eta B mailako txapelketako lehen fasea eta benjaminen topaketa. Bietan Lasarte-Oriako Kirol Elkarteren (LOKE) kideak izango dira. Otsailaren 19an, larunbatarekin, Benjaminen topaketan LOKEk entrenatzen dituen Landaberri 1, Landaberri 2 eta Ekintza taldeek parte hartuko dute. Banaka ere ordezkari bat izango da, Sara Rodriguez Ekintza ikastolaren izenean. Guztiek esku hutsik egingo dute koreografia. Eta igandean, Eskolarteko A eta B mailako txapelketan Infantil B mailako taldea izango da lehian; banakako txapelketan, berriz, taldearen kide Maitane Sarmiento eta Maialen Aranzabe izango dira parte hartzen. Guztiek uztaiarekin egingo dute lan.