Berriro martxa hartzea "zaila" izan arren, "pozik" lortutakoarekin

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 16a

Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria eragileak urtarrilaren 29an egindako janari bilketaren balorazio egin du. Xirimiri elkartera deitu ditu herriko hedabideak, eta otsailaren 27an Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zenetik 46 urte beteko direnez, horren harira antolatu duen egitaraua ere ezagutarazi du

Urtarrilaren 29an egindako janari bilketaren balorazio "ona" egin du  Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak. Aitortu dute koronabirusak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, "zaila" izan dela berriz ere martxa hartzea, baina "pozik" daudela herritarren erantzunarekin. Hala, eskerrak emateko baliatu dute hitzordua; kanpainan "eskuzabalki" parte hartu duten herritar, ikastetxe eta eragileak izan dituzte gogoan. Lasarte-Oriako janari bilketa ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat eta hainbat herritan ere elkartasun jarduera bera egin dute. Bildutako elikagai guztiak Saharara eramatea izango da hurrengo pausua. Gipuzkoan batutakoek karabana martxoaren 5ean abiatuko da Donostiatik. 

Horrekin batera, gogorarazi dute datorren igandean, otsailak 27, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zenetik 46 urte beteko direla ere gogorarazi dute, eta horren harira hainbat jarduera antolatu dituztela jakinarazi dute. Otsailaren 24an izango da lehena, hitzaldi bat. Ali Salem Iselmu idazle eta kazetaria sahararra gonbidatuko dute Antonio Mercero gunera. 19:00etan izango da. Hurrengo egunean, hilaren 25ean auto karabana deitu dute. 18:30ean abiatuko da Hipodromoko aparkalekutik. Eta, otsailaren 27rako, berriz, Maroko Saharatik at, independentzia lelopean kontzentrazioa iragarri dute. Okendon izango da, 12:00etan. Egun horretan gainera, SEADren bandera jarriko dute udaletxeko balkoian. Eskaera hori egin zuen eragileak otsailaren 10eko ohiko udalbatzarrean aurkeztutako mozio bidez, eta hala adostu zuen udal korporazioak  aho batez.

Herritarrei dei egin diete aipatu ekitaldietan parte har dezaten.

Eskertza bai, baina eskaera bat ere bai

Eskerrak eman dizkiete korporazioko kide guztiei udalbatzarrean aurkeztutako mozioarekin aho batez bat egiteagatik, baina kritiko ere agertu dira udalarekin. Jakinarazi dute janari bilketa antolatzeko ez dutela "inolako" laguntzarik izan, eta Oporrak Bakean egitasmoaz ere hitz egin dute. Kontatu dute koronabirusak eragindako egoera medio, bi urtez etenda egon dela, hau da, Saharako haurrek ez dutela Euskal Herriko senideengana etortzerik izan.  Egoera hori tarteko, Lasarte-Oriako Udalak proiektu horretara bideratzeko diru sorta beste egitasmoetara (betiere Sahararekin elkartasunezko jardueretarako) erabiltzeko konpromisoa agertu bazuen ere, bere hitza ez duela bete nabarmendu taldeak: "Koherente izan eta esandakoa betetzeko eskatzen diogu".