Lehenik, benjamin mailako bigarren jardunaldian taldeko hamazazpi igerilarik parte hartu zuten.
Lehen urteko igerilariak –2012 eta 2013 urteko haurrak– 50 m. bizkar eta 6x25 m. libre errelebo probetan lehiatu ziren. Primeran ibili zirela azpimarratu dute Buruntzaldea IKTko arduradunek. "Oso txukun eta lasaitasunez igeri eginez eta arautegia betez aritu ziren guztiak".
B mailan, berriz, 50 m. bular eta 100 m. edo 200 m. bizkar probetan aritu ziren. Lehen postuetan ibili ziren eta "maila ona hartzen ari direla erakutsi zuten". 4x50 m. libreko erreleboa ere egin zuten.
Alebin mailako lehian, berriz, igeriketa taldeko hamabi igerilari izan ziren eta 400 m. libre zein 100 m. libre probei aurre egin behar izan zieten.
Guztiek hobekuntzak nabarmenak egitea lortu zutela nabarmendu dute Buruntzaldea IKTko prestatzaileek. Gainera, igerilari gazteak lehen postuetan egon zirela ere jakitera eman dute. "Emakumezkoen 400 m. librean bederatzi partaidetik sei gureak izan ziren; 2008ko gizonezkoen artean, proba berean, lehen bost postuetan lau igerilari izan genituen. 100 bizkar proban, mutilen kasuan, lehen lau postuak gure taldekideenak izan ziren eta nesketako batzuk ere sailkapeneko postu onenetan izan ziren".
Jardunaldia amaitzeko 4x200 m. estilo libreko erreleboan parte hartu zuten taldeko neskek. 12.49,94 eginez ezarritako helburua bete zuten, hamahiru minututik jaistea.
