Lasarte-Oriako udalerriak 36 urte bete ditu

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ots. 15a, 10:26

1986ko otsailaren 15ean eratu zuten Lasarte-Oriako udalerria kudeatzeko batzordea, 1987ko udal hauteskundeetara arte lan egin zuena. Argazkia: Txema Valles.

1986ko otsailaren 15ean eratu zuten Lasarte-Oriako udalerriaren lehen urratsak gidatuko zituen batzorde kudeatzailea, Ama Brigitarren komentuan; Ana Urchueguia sozialista izendatu zuten lehendakari. Ekitaldi horrekin bete zen herritarren aspaldiko nahi bat: udalerri independente batean bizitzekoa. Urtemuga berezi hori gogoratze aldera, udalak Lasarte-Oriako bandera jarri du udaletxe zaharreko balkoian. 

Batzorde horretako kideak hauek izan ziren:

  • PSE: Ana Urchueguia, Antonio Herranz, Froilan Elespe, Angel Barrera, Jose Luis Lopez, Jose Mari Urdanpilleta, Martin Moreno eta Ramon Lopez.
  • EAJ-PNV: Juan Ignazio Izeta, Pello Sasiain, Juan Jose Yarza, Pedro Mari Illarreta eta Pedro Ormazabal.
  • HB: Victorio Herrera, Jesus Agirretxe, Ignazio Eskisabel.
  • EE: Marisa Martin.

Ordezkaritza zuen talde bakoitzak hitza hartu zuen, eta horren ostean, alderdi sozialistak hautagai bakarra aurkeztu zuen lehendakari izateko: Ana Urchueguia. 1987ko maiatzeko udal hauteskundeetara arte, batzorde horrek gidatu zituen herriaren lehen urratsak. Lasarte-Oria udalerri independente gisa eratua izan zenetik, lau alkate izan ditu: Ana Urchueguia, Jesus Zaballos (PSEkoak biak), Pablo Barrio (EH Bildu) eta Agustin Valdivia (PSE-EE). Azken honek 2019ko abenduan hartu zuen kargua, Zaballosek dimititu eta gero.