Oriako eta Uzturre plazako kirol instalazioetako itxiturak handitu ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 14a

Oria auzoko kirol eremuko hesidura handitu du udalak berriki. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

Herriko zenbait kirol instalazio hobetzeko lanak egin ditu Lasarte-Oriako Udalak azkenaldian: Oria auzoko eta Uzturre plazako guneetako itxiturak handitu ditu, eta udal trinketeko estalkia berritu du. 13.698 euro inbertitu ditu orotara.

Oriako kirol eremuan saskibaloian, futbolean edo pilota ardatz duen beste edozein jardueratan aritzen diren herritarrengan zein ondoko errepideko gidariengan pentsatuz, udalak gune horretako itxiturak handitu ditu, horren erraza ez dadin izan pilota kantxatik irten eta errepidera jaustea. Cierres Metalicos Sarelan enpresari adjudikatu dizkio lanak, 2.300 eurotan. 

Antzera ibili ohi ziren Uzturre plazan ere, baina kasu horretan bizilagun batek egindako kexak hauspotu du bertako hesia berritu izana. "Eremuaren parean dagoen etxabeko bizitokiraino joaten ziren pilotak, eta bertan bizi den herritarra kexatu egin zen", jakinarazi du udalak. Caldereria y Soldaduras Soan enpresak egin ditu lanak; udalak 4.900 eurotan adjudikatu zizkion.

Azkenik, udalak ezagutarazi du trinketeko teilaturako panel berriak erosi dizkiola Construcciones Pagolari, 6.398 eurotan. "Ekaitz batek hondatu egin zituen aurrekoak, eta horiek ordezkatu ditugu". 

Erlazionatuak