Euskal Inauteria prestatzen ari da Ttakun KE, buru-belarri

Txintxarri Aldizkaria 2022ko otsailaren 14a

Euskal Inauteriaren artxiboko irudi bat, herritarrak txantxo jantzita.

Otsail erdialdera iristear gara, eta azken urteetan koronabirusak garai hauetako ospakizunak zapuztu dituen arren, aurten, badirudi Euskal Inauteri giro sendoagoa izango dela Lasarte-Orian. Ttakun Kultur Elkarteak antolatu ohi du, udalarekin elkarlanean, eta gaur-gaurkoz antolaketa lanetan erabat murgilduta daude biak. Azken boladan bezala, gerta daiteke hemendik hilabete amaierara arte aldaketarik gertatzea, baina momentuz, aurreratu duten informazioaren arabera 27an, igandearekin, ospatuko da Euskal Inauteria herrian. Goizez egin asmo dute ekitaldi nagusia, 11:30ak aldera, eta jende pilaketak saihestu eta segurtasuna bermatzeko herriko txoko ezberdinetan egingo dutela iragarri dute.

Herriko hainbat eragilek hartzen dute parte Euskal Inauterian, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Bertan izango dira Plaza Dantzako kideak, Xumelako lagunak, Kukuka antzerki eta dantza eskolako antzezle eta dantzariak eta Ttirriki Ttarrakako musikariak, besteak beste. Egoerak hala behartuta, COVID-19ak aurten ere baldintzatuko du ospakizuna, baina ziur kolorez eta alaitasunez girotuko dutela herria. 

Tantxo tailerra ere bai

Lasarte-Orian Euskal Inauteririk ez da, txantxo jantzita ez bada. Horretarako, jantzia prestatzeko ikastarotxoan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek.  Data zehazteko dute antolatzaileek, baina aurreratu ahal izan dute otsailaren 14tik eta 20rako astean izango dela. Dena den, finkatu ahala jakinaraziko dute.

Erlazionatuak

Euskal Inauterien bideo laburpena

Txintxarri Aldizkaria 2020 ots 18 Kultura