GUTUNA

'San Valent(hil)'

aSUnak neska* gazteen talde feminista 2022ko otsailaren 14a

Txikitatik esan digute zoriontsu izateko bikotea izan eta familia bat osatu behar genuela. Mezu hau etengabe entzuten dugu, hamaika modu eta formatan (pelikulak, ipuinak, sare sozialak, familia, multinazionalen iragarkiak...).

Gazteon bizitzaren erdigunean amodio istorio bat kokatzen da, pasioz betea, eta azpimarratuz sentimendu hori geldiezina, naturala eta beharrezkoa dela, hau da, ezin dugula ez ekidin ez deseraiki. Betiere jakinda, etorkizunean probetxuzko heldu izateko gure bizi proiektuei zentzua emango dion bikote hori topatu behar dugula. 

Guk argi daukagu maitasun erromantikoa eraikuntza sozial bat dela. Sistema heteropatriarkal kapitalista sostengatzeko beharrezkoak direla familia eredu nuklear, tradizional, heterosexual eta monogamoak. Sistemarentzat maitasun erromantikoa tresna oso eraginkorra da. Maitasun mota hori idealizatu dezagun nahi dute, arau horiek guztiak onartu eta gu kontrolpean izanik. Horren ondorioz, gazteok erlazio toxikoak eta menpekotasun rolak erreproduzitzen ditugu. Jeloskortasuna, autoestimu falta edota segurtasun eza gure egunerokoaren parte bilakatzen dira.

Maitasun erromantiko horren logikan sortzen ditugun harremanek (bikote harremanek) erdigunea hartzen dute gazte askoren bizitzan. Jerarkiak sortzen dira lagunartean sor daitezkeen harremanak bigarren plano batean utziz. Horretaz guztiaz kontziente izanik, deseraikitzeko lan asko daukagu aurretik. Lasarteko neska* gazteok argi dugu maitasun erromantikoarekin apurtu behar dela eta harreman pertsonalak politizatu behar ditugula. 

Azken asteetan harreman ereduez galdezka ibili gara, batez ere harreman ez normatiboak izateak herrian zer suposatzen duen galdezka. Eta testigantza oso larriak jaso ditugu. Herriko institutuko irakasle batek lesbiana izateagatik entzun behar izan dituen komentario erasokorrak: "Lesbiana izateagatik psikiatrikora joan beharko zenuke"; bisexuala izanik beste emakume batekin liatzen ikustean gizonen partetik sentitu behar izan diren begirada morboso edo lizunak; parranda giroan egindako broma irangarriak edo familian heterosexualitateaz haragoko orientazio sexualak aldarrikatzeko zailtasunak. Lasarte ez da aldarrikatzen diguten herri segurua, ez eta maitatzeko modu hegemonikotik aldentzen den edonorentzako gune erosoa.

Aurrean dugun erronka ez da txikia, baina aSUnak taldeko kideok horri aurre egiteko prest gaude. Maitasun erromantikoarekin apurtu behar dugu, bikote heterosexual, monogamo eta indibidualistak alde batera utzi eta kolektiboan oinarritutako harreman eredu berriak eraiki behar ditugu. Maitasuna birdefinitzea, gure desirak berreraikitzea eta normala zaigun hori guztia zalantzan jartzea dagokigu, autozaintza eta elkarzaintza erdigunean jarriz.

MAITASUN ERROMANTIKOAREKIN APURTU ETA ELKAR ZAINDU!