Bertso saio inoiz baino literarioagoa

Txintxarri 2022ko ots. 12a, 22:10

Iazko hutsunearen ondoren irakurle txokoak zazpigarrenez egin du larunbat arratsaldean bertso saio literarioa. Pandemiak eragindako mugen arten, ez da otordurik izan oraingoan, ezta kaferik edo koparik, bertso artean behin baino gehiagotan aipatu duten moduan. Gainerakoan, betikoari eutsi diote: Uxue Alberdi, Ane Labaka eta Maialen Lujanbio aritu dira bertsotan eta gaiak jartzeko lana Miren Agur Meabe idazleak izan du. Lekeitiarrak dokumentaziorako gaitasuna erakutsi du Wikipedian, beste iturrietan, eta bereziki, literaturan topatu baititu Lasarte-Oriari lotutako gaiak.

Historia, antropologia eta mitologia. Inori irakasgai beldurgarriak irudituko bazaizkio ere, herri bati lotutako ezinbesteko osagaiak dira. Hotzikararik izatekotan haiei buruz asmatu behar izan duten hiru bertsolariek sentituko zituzten; entzuleek, barre eta kanta, kanta eta barre egin baitute. Gai jartzaile lana egiten ez zekiela esan zuen Miren Agur Meabek, baina idazle lekeitiarrak ondo baino hobeto bete zuen enkargua. Prestaketarako Lasarte-Oriako historian barrena jo eta zenbait leku eta pertsonaia aukeratuz. 90 minutuz luzatu den saioan zer kantatu eman dute denek. 

Xirimiri Elkartea beteta zegoen, besteetan bezala. Irakurle Txokoak salgai jarritako txartelak agortuta zeuden. Agurraren ondoren, XVII. mendera atzera egin, eta Brigitarren komentua inauguratu zuten egunera eraman ditu Labaka eta Lujanbio; bertan sartu berri dituzten bi mojen azalean jarrita: lehena, gogoz; bigarrena, gogoz kontra. Brigid izenaren jatorriaz hitz egin die, jainkosa batena zela azalduz. Eta hor aritu dira bi bertsolariak sugarretan izpiritu santua edo zeltek ohoratzen zuten hura dagoen eztabaidan. Jarraian, bi mende aurrera jauzi egin du Meabek Brunet enpresa ireki zuten garaira. Joan Planellak margotutako La niña obrera koadroko ehun enpresako haur langilea bilakatu du Alberdi, ikasteko nahia ehun eta hari artean jarduteagatik aldatu behar izan duena.

Historian bidaiak gai arin eta umoretsuago bat ekarri dut hurrena. Bernardo Atxagak idatzi eta Boris Atxagofek kontatzen duen ipuina gogora ekarriz, Hipodromo aldera heldu dira Lujanbio eta Alberdi. Lehenari, egunez iseka artean lan egin eta gauez teleskopioarekin izarrei begiratzen dien Maurizio astoa egokitu zaio; bigarrenari, berriz, Urrezko Kopa irabazi nahi duen Teddy zaldia. Elkar zirikatu dute biek entzuleen gozamenerako eta azken bertsoko amaierak txaloak bezain ozenak izan diren barreak eragin ditu: "Hor nire pronostikoa/ ni zubietarra naiz/ ta zu Donostikoa".

Historiatik, ingurura

"Zein da zure lorea?" gai arantzatsua egokitu zaio Labakari bakarka egiteko. Mimosa aukeratzeko azalpenea umorea gehitzen ahalegindu da bertsoetan, "nik aita dut lorezaina / baina amak zaintzen ditu" bezalakoekin eta aitortu hitzordu honen berezitasuna, "niretzat saio honetan / hasten da udaberria". 

Nondik dator Oria izena? Zenbait hipotesi azaldu ditu Meabek, baina haren ertzean dauden hiru lamiek ikusten dutenari buruz botatakoak interesgarriagoak izan dira. Zaharra, heldua eta gaztea, rol bana eman dio bakoitzari, eta Lujanbio ez zegoen pozik, gai jartzaileak euren adinaren arabera egin badu ere. Ibaia altxorraren bila jolasteko leku gustukoena duela esan du Labakak, bizikleta eta gurpilak, euroak eta pezetak... denetarik atera baitute bertatik. Meabek, ordea, besterik ere badela uste du. Ezkatarik gabeko arraintzat jo ditu honakoak: Harkaitz Cano, Idoia Garzes, Iñaki Petxarroman, Ixiar Rosas edota Aintzane Usandizaga. Idazle bakoitzaren obra batean oinarritutako gaiak proposatu dizkie. Emakume baten heriotzaren aurrean polizia, kazetari eta feminista banaren ikuspegia adierazi dute; Buruntza mendiko postontzian topatutako helbidedun giltzak ekarritako bi ezezagunen topaketa, klima aldaketaren eraginak, graffiti gisa idazteko esaldi bakar baten hautaketa eta labezomorro batek azaleratutako bikote krisia. 

Meabek bere lana amaituta, bertsotan jarraitu dute hiruek bururatzen joan zaizkien gaiak josita. Txalo zaparrada jaso dute agurraren ondoren lau protagonistek, eta kantatutakoak betez gero, tabernaren batean bilatu dute gaur mahai gainean izan ez dituztenak.