Iazko kontsumo bonuen kanpaina izan dute hizpide otsaileko udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ots. 11a, 09:15

Ordubeteko saioa egin du udal korporazioak, otsaileko udalbatzarrera eramandako gaiak aztertzeko. Kreditu aldaketen dosierrak onartu dituzte, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren 46. urteurrena ospatzeko ekintzekin bat egin, eta adineko pertsonen behar eta eskubideen alde neurriak hartzea adostu. Galdera eta erreguen txandako gai nagusia 2021eko kontsumo bonuen kanpaina izan da.

Tramite bat izango zela zirudien, baina 2021eko kreditu aldaketak bideratzeko dosierrak onartzeak izan du mami pixka bat. Izan ere, EH Bilduk udal gobernuari leporatu dio bide horretatik jakin izana Michelingo kiroldegiaren eta Atsobakarreko kirol gunearen proiektuak "aurreikusi baino dezente garestiagoak" izango direla, bozeramaile Jon Martinek adierazi duenez. Agustin Valdivia alkateak erantzun dio haiek ere orduan izan zutela informazio horren berri. "Udal gobernu honi ezin zaio leporatu informazioa ez ematea; guk horren berri izan eta berehala jakinarazi genizuen". 

SEAD errepublikak, 46 urte

Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zenetik 46 urte beteko dira otsailaren 27an, eta udal korporazioak gertakari hori gogoratzeko ekintzekin bat egitea onartu du, aho batez. Hala, SEADren bandera jarriko dute udaletxeko balkoian, eta egun horretan bertan (igandea izango da) Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak deitu duen elkarretaratzean parte hartuko dute, 12:00etan, Okendo plazan.

PSE-EEk Adinekoekiko adiskidetasuna izeneko mozio bat aurkeztu du gero, besteak beste, herritar zaharrenen eskubideak eta beharrak asetzea iradoki duena, udaletxe barruan, herrian zein esparru zabalagoetan. Sozialistek akordio hauek adostea proposatu dute: udaletxeak zerbitzuak ematen dituenean adinekoen behar eta eskubideak kontuan izatea, eta herriko establezimenduei ere hori egiteko eskatzea; kontratatzen dituen enpresei eskatzea arreta pertsonalizatua emateko, eta, euskarri digitalak ez ezik, beste bide batzuk ematea arretarako; eta Euskadi Lagunkoia egitasmoa indar dezala Eusko Jaurlaritzak. 

Korporazioak aho batez onartu du proposamen hori ere, baina ñabardurekin. Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiko bozeramaile David Aresek zehaztu duenez, 2021eko kontsumo bonuen kanpainan ez du hori guztia aplikatu udalak. "Arreta presentziala indartzea planteatu genuen, ez zedila soilik digitala izan prozesua". EAJ-PNVren iritzia emateaz Jon Antxordoki arduratu da, eta azpimarratu du hobe litzakeela erakunde adierazpen bat plazaratu izana, eta ez mozio bat. Podemosen bidetik, esan du "adinekoek eta ez hain adinekoek ere" arazoak izan dituztela bonuak sarean erosteko: "Etxetik bertatik hasi beharko genuke mozioan jasotakoa aplikatzen". Bozka eman ostean, EH Bilduk baiezkoa eman izanaren zergatiak azaldu ditu. Uxue Loinaz: "Ados gaude, herritar guztiei bermatu behar diegulako egoki artatuak izateko aukera. Norabide horretan, udal honek ere barrura begiratu behar du, bonuen egitasmoan ez ezik, lasarteoriatarrekiko arreta zerbitzuan ere badagoelako zer hobetua". 

Galderak eta erreguak

Mozioetan ez ezik, galdera eta erreguetan ere atera dute alderdiek kontsumo bonuen kanpaina. Horren harira, Antxordokik udal gobernuari honakoa eskatu dio: 2022ko egitasmoa prestatzerakoan, hala egingo badu behintzat, herriko merkatariak kontuan har ditzala, eta egin dezala haiekin bilera bat, edo gonbida ditzala batzorde batera. "Urtarrileko udalbatzarrean udal gobernuak esan zigun urtarrilaren 20an ordainduko zitzaiela dendariei, baina ez da hala izan. Otsailaren 10ean zati bat jaso dute, baina ez parte hartu duten guztiek; ondorioz, uste dugu sinesgarritasuna galdu dugula haien aurrean, eta aurreikusten jaitsi egingo dela parte hartzea hurrengo kanpainan, batzuk erreta daudelako". 

Udal Gobernuaren izenean Ogasun batzordeburu Iñigo Zabaletak erantzun du, eta onartu ez duela hitzartutakoa bete. Hori esanda, zehaztu du kanpainaren oinarriak prestatzerakoan kontuan izan zituztela merkatariak, eta ordainketaren hurrengo zatia "batzordetik justifikazioak iristen direnean" egingo dutela. Halaber, uste du "egingarria" dela merkatarien parte hartzea handiagoa bermatzea. 

EH Bilduko Estitxu Garmendiak hartu du hitza ondoren, eta hiru galdera egin dizkio udal gobernuari: alkateak ea hitz egin duen Sahararen aldeko Tolosaldeko elkartearekin, ea zergatik ez diren egin batzorde guztietako jarraipen bilerak hilabete honetan, eta ea udal gobernuak asmorik duen eskola kontseilua deitzeko, azkena 2021eko ekainean izan zela gogorarazita. Jaso dituen erantzunak hauek izan dira: alkatea ez dela eragile horrekin elkartu oraindik, "gatazka bat" konpontzeke dutelako; batzorde batzuk ez direla deitu politikari zein teknikari batzuek koronabirusa hartu dutelako; eta hurrengo eskola kontseilua martxo hasieran deituko dutela.